Suziri bana jaurtiz, 1963. urteaz geroztik jokaleku izan diren guneetatik. Txupinazo hirukoitz honekin emango zaie hasiera astelehen honetan, Usurbil Kirol Elkartearen 50. urteurreneko ospakizunei. Arratsaldeko 18:30etan entzungo dira suziri hotsak. Hiru gune esanguratsuetan piztuko dituzte, kirol elkartearen mende erdiko ibilbide honetan zehar bilgunean nabarmendu diren hiru lagunek;
-1. txupinazoa frontoian: Txema Vallejo Kirol Elkartearen sortzaileetakoa izan zenaren eskutik.
-2. txupinazoa Santuenean: Esteban Iribar, bilgunetik gogorarazten dutenez, "Kirol Elkarte honi gehien eskaini dioen ikonoetako" baten eskutik.
-3. txupinazoa Oiardo Kiroldegian: Jesus Beloki, Kirol Elkarte honen egungo lehendakariaren eskutik.
Txupinazoa jaurtita, berehala abiatuko dira egitarauan iragarriak dauden ekitaldiak. Lehen egunotan, eskubaloi neurketak jokatuko dira Santuenean, frontoian eta Oiardo Kiroldegian. Lagun arteko partidak jokatzen lehenak, Eskola-Kiroleko kideak izango dira. Gaur 18:30etatik aurrera frontoian. Bihar partida gehiago jokatuko dituzte, 16:00etatik aurrera.
Herri bazkarirako txartelak salgai, ostegunera arte
Igandera arte izango da bestelako hitzordurik ere. Ostegunean, Usurbil Kirol Elkartearen 50 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute, 19:00etan Potxoenean. Eta besteak beste, igandean beteranoen neurketak jokatuko dira. Eta astea borobiltzeko, herri bazkaria antolatu dute frontoian. Otordurako txartelak salgai egongo dira ostegunera arte, Bordatxon eta Aitzagan. 20 euro ordaindu beharko dute helduek, 12 euro 13 urte arteko haurrek. Menua, dastatzeko modukoa: Eusko Label tomate entsalada; otarrainxka egosiak; Eusko Label hegaluzea parrilan; txerri kostila parrilan; limoizko sorbetea cavarekin; kafea, patxarana eta likoreak; edariak; txotxeko sagardoa, Errioxako ardoa eta ura.
Bada ordea, herri bazkarirako izena emateko beste bide bat ere. Ordainketak kontu korronte zenbaki hauetakoren batean egin eta bazkaritan, ordainagiria aurkeztea:
BBVA: 0182 6043 27 0201505790.
Rural Kutxa: 3008 0259 11 2038715328.
Kutxabank: 2095 5069 02 1061099122.
Mende erdia ospatzeko prest da Usurbil Kirol Elkartea. Hauxe egitaraua, hitzorduetara gerturatzea baino ez da falta orain:
Irailaren 16tik 21era
Argazki erakusketa Sutegin:
Astelehenetik ostiralera: 19:00-21:00. Larunbatean: 12:00-14:00/18:00-21:00.
Irailak 16, astelehena
18:30 Suzirien jaurtiketa Santuenean, frontoian eta Oiardo Kiroldegian, Usurbil Kirol Elkartearen 50. urteurrena ospatuz.
18:30 Eskola-kiroleko eskubaloi neurketak frontoian.
Irailak 17, asteartea
16:00 Eskola-kiroleko eskubaloi neurketak frontoian.
Irailak 18, asteazkena
17:30 Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa Santuenean.
18:30 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa Santuenean.
Irailak 19, osteguna
19:00 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena Potxoenean.
Irailak 20, ostirala
18:30 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa frontoian.
19:30 Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa frontoian.
Irailak 21, larunbata
11:00 Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
12:00 Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
17:00 2. territorialeko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
18:30 Senior nesken taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
20:00 2. nazionaleko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
Irailak 22, igandea
10:00 Belaunaldi desberdinetako beteranoen neurketak Oiardo Kiroldegian.
11:00 Argazki erakusketa eta bideo emanaldia egun osoan zehar.
12:00 Elkarteko hildakoen omenezko meza.
14:30 Herri-bazkaria frontoian.
Antolatzailea: Usurbil Kirol Elkartea.
Oharra: urteurreneko kamisetak eta urteurreneko liburua salgai.