Jaietarako girotzen hasia da Santuenea. Lau egun baino ez dira geratzen, auzoa festetan murgiltzeko. Baina ikasturte berria, Santuenea Elkarteak antolatutako beste ekitaldi batekin abiatu zuten iragan ostiralean. Markeliñe taldekoek kale antzerki saio entretenigarri eta parte hartzailea eskaini zuten frontoi ondoko plazan. "Zoo-zoom" izeneko emanaldian, eskuz esku ibili ziren animalitxoekin, zoo berezi bat osatu zuten. Ikus-entzule ziren guraso eta haurrak zoo bitxi honetako partaide, animalia bihurtu zituzten Markeliñe taldekoek.
Ikuskizun honen ostean, orain bai, Santuenea jaiei begira dago. Frontoia eta plaza festa girorako egokituko dute egunotan. Lau egun baino ez baitira geratzen jaiak hasteko. Markeliñe taldekoen emanaldiz gain, irailaren 20tik 22ra, haurrentzako ekitaldi gehiago prestatu ditu Jai Batzordeak. Buruhandiak egunero, jolas, puzgarri edota bazkaria larunbaterako; eta Hipo eta Tomax pailazoak gerturatuko dira Santueneara, ikuskizunetarako erreserbatu ohi duten igande arratsadean.
EH Sukarra ostiralean
Edozein kasutan, ekitaldien artean nabarmentzekoen artean, ostiraleko kontzertu gaua; EH Sukarrak joko baitu aurten Santuenean. Aurretik, Artobixar Usurbilgo musika taldeak eta amaitzeko, Joxpakoekin erromeria.
Santueneako jaietako egitarau osoa, hemen:
Irailak 20, ostirala
17:00 Txupinazoa txosna aurrean eta txokolatada Tragoxkan.
Ondoren globo gerra.
18:30 Buruhandiak eta txaranga.
19:00 Sardin jana.
23:00 Kontzertuak: Artobixar, EH Sukarra eta Joxpa.
Irailak 21, larunbata
11:00 Haur jolasak eta pintura lehiaketa.
13:00 Buruhandiak.
14:00 Haur bazkaria (Norberak bere bazkaria ekarri eta edariak eta postrea bertan banatuko dira).
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
16:00 Haurrentzako puzgarriak.
17:30 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
19:00 Buruhandiak.
20:30 Kantu afaria Josune Aranbururekin.
00:00 DJ Van.
Irailak 22, igandea
11:00 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa txosnan.
14:00 Herri bazkaria.
18:00 Hipo eta Tomax pailazoak.
Ondoren buruhandiak.
19:30 Piper dastaketa.
21:00 Festen amaierako traka.