Astearte arratsaldeko 18:00etarako Potxoenean deitu du hitzordua, Usurbilgo Udalak. Jose Maria Rivadeneyra ingurumen alorreko zinegotziak, iragan irailaren 11n Udalak Eusko Jaurlaritzarekin egindako bileran jazotakoaren berri emango du.
Gogoan izan, Usurbilgo Udala eta Eusko Jaurlaritzak iragan asteazkenerako zuten jarria Ucineko ingurumen gatazkaz hitz egiteko bilera hitzordua. Bertan, Ucinek ingurumen baimen bateratua nola urratzen duen azaldu nahi zuen Udalak. Gai honen inguruan neurriak hartzeko mezua helarazi nahi zion Jaurlaritzari. Eta horrekin batera, Ucin edozein gai urtzea ahalbidetuko lukeen ingurumen baimen bateratua aldatzeko, lantegiak egin duen eskaera onartezintzat jotzea galdegitekoak ziren beste behin. Pasa den asterako iragarria zegoen hitzordu honen aurretik jada, Udalak idatzi baten bidez baimen aldaketa hori gauzatzen ez uzteko eskaera luzatua zion Gasteizi. Kea eta usain txarrari loturik, biltzen joan diren beste hainbat froga ere bidaliak ditu baita.
Ikuskaritzekin arazoak
Irailaren 11ko bilera, Santixabelak hasi bezperan iragarri zuen Jose Maria Rivadeneyra Usurbilgo Udaleko ingurumen zinegotziak, aurrez deitua zuen batzar informatiboan. Usurbilgo aire kalitatearen gaiari dagokionean, nahi baino mantsoago, baina aurrerantz pausoak ematen ari direla eta hala jarraitu nahi dutela berri eman zuen Udalak.
Beste behin, ikuskaritzekin izandako arazoak aipatu zituen Rivadeneyrak. Udalak enpresa behar bezala ikuskatu nahi eta ezin dabilela azaldu zuen. Hala gertatu omen zen, ekainaren 19rako jarria zegoen hitzorduan. Ingeniaritzan doktoretza duen udal aholkulari bat gerturatu zen Atxegalde auzo ondoan kokatua dagoen enpresara, baita ingurumen alorreko udal teknikaria ere. Filtroak, kea xurgatzeko sistema egoki zegoela frogatu zuten. Baina bertan zegoen txatarra ikuskatu ezinik geratu omen ziren.
Ikuskapeneko hitzordua, maiatzaren 28an bi aldeek eginiko bileraren ostean zetorren. Egun hartan ere, argi geratu omen zen, alde bakoitzaren jarrera. Bi aldeek, kezka sortu duen ingurumen gatazka hau konponbidean jartze aldera, elkarren arteko posturak gerturatzerik ez zuten izan. Ucinek ez du Udalaren lizentzia onartzen, eta ikuskapenak egiteko udalak duen eskumena ere ukatzen jarraitzen dute. Lizentzia horren aurrean gainera, gogoan izan, helegitea aurkeztua du aipatu lantegiak.
Kea ikusi edo arnastuz gero, jakinarazteko deia
Halakorik sumatuz gero, Udaltzaingora deitzeko gonbita luzatzen dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112.