Ikasturte berri honetan zehar Gaztelekura gerturatuko diren gaztetxoek izena eman beharko dute, astelehen honetan, Gure Pakea elkarteko garai bateko egoitzara gerturatuta, 18:30-19:30 artean. Baina izena ez dute gaztetxoek eman beharko, euren gurasoek baizik. Hauxe Gaztelekutik iragarri duten ikasturte berrirako aldaketetako bat. Aldaketa honen arrazoia arduradunek argitu diote NOAUA!ri; "honen "helburua da guraso eta hezitzaile arteko aurkezpena egitea, aurpegiak ikusi eta komunikazio bide bat ezartzea bi zentzuetan, telefono eta helbide elektronikoa elkartrukatuz". DBH 2,3 eta 4 mailetakoei ikastolan banatuko zaien izen emate orria eraman beharko dute beraz, gurasoek. Orri hau jaso ez dutenek, Gaztelekura joan eta bertan lortu ahal izango dute.
Bi hilabete, gai baten inguruko lanketan
Herenegun, larunbatean harrera egitekoak ziren Gaztelekua lehen aldiz zapalduko duen talde berriari; DBH 1.mailako ikasleei alegia. DBH 2,3,4 mailetako eta Batxilergoan ikasten dabiltzanekin batera parte hartuko dute 2013-2014an Gaztelekuan.
Guztiek, bi hilabetero gai baten inguruko lanketa burutuko dute. Gaien hautaketa, gazteen interesak kontuan hartuz egin da, "eta gazteak burutuko diren ekintzen inguruan proposamenak egin ditzakete". Izen emateko moduan txertatu duten aldaketarekin batera, hauxe da Gaztelekutik iragarri duten beste berrikuntza. Orain hasi eta datorren udara arte gaiok jorratuko dituzte:
Iraila-urria: "Gorputza zaindu maitatu: Mens sana in corpore sano".
Azaroa-abendua: "Euskal Herria munduan: Txapela buruan ibili munduan".
Urtarrila-otsaila: "Neska mutilak berdintasunean: puntu lila".
Martxoa-apirila: "Zuk zeuk egin dezakezu: "DIY Do It Yourself".
Maiatza-ekaina: "Musika: Musikazblai".
Uztaila: Udabentura.
OHIKO ORDUTEGIA
Berrikuntzak berrikuntza, Gaztelekuak ohiko ordutegia izango du aurten ere:
-Astelehenetan:
16:30-18:00 DBH 3-4 eta Batxilergoa.
18:00-19:30 Denak.
-Ostegunetan:
16:30-18:00 DBH 2.
18:00-19:30 Denak.
-Larunbatetan:
16:00-17:30 DBH 1.
17:30-19:00 Denak.
Argibide gehiagotarako: gaztelekua@usurbil.net
Irudia: Gaztelekua.