Ospakizunetan egon arren, lehiarako prestatzen jada

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 16a, 00:00

Usurbil Kirol Elkartea mende erdiko ospakizunetan murgilduko da gaurtik igandera arte. Baina gauden urte garaian egonik, ezin ahaztu ezta 2013-2014 denboraldi berria prestatzen hasiak direla eskubaloi taldeak. Irailaren 28an abiatuko dute kirol urte berria. Bai behintzat, 2. nazional mailan jokatuko duten senior mutilek. Lagun arteko neurketak jokatzen hasiak direla berri eman dio NOAUA!ri Usurbil Kirol Elkarteak.

"Oraingoz, maila bereko Ereintza eta Egiaren kontrako partidetan aise nagusitu da herriko taldea, bizkortasuna emanez jokoari, aurredenboraldiko ohiko akats batzuk egon arren. Asteburuan Ipar Euskal Herrian izan dira, Senpereko eta Angeluko taldeen aurka jokatzen, eta han ere, nagusitu egin dira, kasu honetan bigarren taldeko jokalariez lagunduta", adierazi du aipatu elkartetik. Hasiera ezinhobea beraz, datorrenaren aurrerapena ote den ikusteke dago oraindik. Halere, Usurbil Kirol Elkartetik iragartzen dutenez, "aurredenboraldiko sentsaziook egia bihurtzen badira denboraldian zehar, aurtengoa urte historikoa izan daiteke Usurbilgo herriarentzat eskubaloiari dagokionean". 

2.nazional mailako senior mutilek, denboraldiko lehen hitzordua, irailaren 28an izango dute aipatu moduan. Egia izango dute, denboraldia estreinatzeko lehen aurkaria.

50. urteurreneko lagun arteko neurketa, larunbatean
Hori aipatu moduan, iraileko azken astebururako iragarria dagoen neurketa. Aurretik, eta 50. urteurreneko ospakizunen baitan, lagun arteko partidak jokatuko dituzte senior mailan lehian dabiltzan hiru taldeek. Larunbat arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango da, Oiardo Kiroldegian. 2. territorial mutilak eta senior neskak izango dira jokatzen lehenak, Usurbil Kirol Elkartearen aurka. Eta amaitzeko, 2.nazional mailakoen txanda izango da. 20:00etan hasita, 50 urte bete dituen beste elkarte bat izango dute aurkari nagusi; Trapagaran.