Jende ilara, eskubaloikoen argazki erakusketara sartzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 17a, 00:00

Denboraldi berria hastear den arren, Usurbilen eskubaloia ospakizun betean da. Mende erdia bete du Usurbil Kirol Elkarteak eta aste honetan hartu dute, 50 urteotako ibilbidea omentzeko tartea. Atzo abiatu ziren ospakizunak, eskubaloiari oso lotuak egon diren herriko hiru "plazetan" jaurtitako txupinazoekin. Inguruotan jaiak ote ziren edo baten bat ezustean harrapatuko zuten, 18:30ak aldera Kaxko inguruan entzun ziren suziri hotsek. Bat bestearen atzetik jaurti zituzten, 50 urteotan Usurbil Kirol Elkartean erreferentziazkoak izan diren hiru lagunek; frontoian, Txema Vallejo Usurbil Kirol Elkartearen sortzaileetarikoa izan zenak; Santuenean Esteban Iribarrek, bilguneari gehien eskaini dion lagunetako batek; eta Oiardo Kiroldegian, egungo kirol elkarteko lehendakari Jesus Belokik. Atzo arratsaldeko eguraldi kaxkarrak ez zuen oztopatu, igandera arte luzatuko diren ospakizun jaiei ekiteko su festa. 

Inaugurazio jendetsua
Segidan jokatu zen egunotarako iragarriak dauden lagun arteko eskubaloi partidetan lehena. Eskola kiroleko kideak aritu ziren frontoian. Gaur neurketa gehiagotan parte hartuko dute, 18:00etatik aurrera pilotalekuan baita.

Ospakizun ekitaldiek hasiera jendetsua izan dute. Eta hala izan zen. Atzo inauguratu baitzen Sutegin, Usurbil Kirol Elkartearen mende erdi honetako ibilbidea iruditan jasotzen duen argazki erakusketa. Hamarkadaz hamarkada, Usurbilen eskubaloian aritu diren taldeak, herriko aurpegi ezagunak beraz, ageri dira erretratu guztiotan. Besteak beste, urte luzeotan irabazi dituzten hainbat kopa ere areto berean erakusgai jarri dituzte. Atzo inaguratu zuten erakusketa hau. Sutegiko aretoa irekitzerako jende ilara zegoen kultur etxe atarian, guztiak aretora sartzeko zain. Eta gero denak barrura noski. Aretoa jendez bete zen. 

Argazki erakusketa zabalik egongo da larunbatera arte. Gaurtik ostiralera, 19:00-21:00 artean irekiko dute. Larunbatean goiz eta arratsaldez; 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 21:00etara.

Herri bazkarirako txartelak salgai, ostegunera arte
Igandera arte izango da bestelako hitzordurik ere. Ostegunean, Usurbil Kirol Elkartearen 50 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute, 19:00etan Potxoenean. Eta besteak beste, igandean beteranoen neurketak jokatuko dira. Eta astea borobiltzeko, herri bazkaria antolatu dute frontoian. Otordurako txartelak salgai egongo dira ostegunera arte, Bordatxon eta Aitzagan. 20 euro ordaindu beharko dute helduek, 12 euro 13 urte arteko haurrek. Menua, dastatzeko modukoa: Eusko Label tomate entsalada; otarrainxka egosiak; Eusko Label hegaluzea parrilan; txerri kostila parrilan; limoizko sorbetea cavarekin; kafea, patxarana eta likoreak; edariak; txotxeko sagardoa, Errioxako ardoa eta ura. 

Bada ordea, herri bazkarirako izena emateko beste bide bat ere. Ordainketak kontu korronte zenbaki hauetakoren batean egin eta bazkaritan, ordainagiria aurkeztea:

BBVA: 0182 6043 27 0201505790.
Rural Kutxa: 3008 0259 11 2038715328.
Kutxabank: 2095 5069 02 1061099122.

Mende erdia ospatzeko prest da Usurbil Kirol Elkartea. Hauxe egitaraua, hitzorduetara gerturatzea baino ez da falta orain:

Irailaren 16tik 21era
Argazki erakusketa Sutegin: 
Astelehenetik ostiralera: 19:00-21:00. Larunbatean: 12:00-14:00/18:00-21:00.

Irailak 17, asteartea
18:00
 Eskola-kiroleko eskubaloi neurketak frontoian.
 
Irailak 18, asteazkena
17:30 
Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa Santuenean.
18:30 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa Santuenean.

Irailak 19, osteguna
19:00 
50. urteurreneko liburuaren aurkezpena Potxoenean.

Irailak 20, ostirala
18:30
 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa frontoian.
19:30 Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa frontoian.

Irailak 21, larunbata
11:00 
Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
12:00 Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
17:00 2. territorialeko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
18:30 Senior nesken taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
20:00 2. nazionaleko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.

Irailak 22, igandea
10:00
 Belaunaldi desberdinetako beteranoen neurketak Oiardo Kiroldegian.
11:00 Argazki erakusketa eta bideo emanaldia egun osoan zehar.
12:00 Elkarteko hildakoen omenezko meza.
14:30 Herri-bazkaria frontoian.

Antolatzailea: Usurbil Kirol Elkartea.
Oharra: urteurreneko kamisetak eta urteurreneko liburua salgai.