Gaur hasiko da Euskal Herrian eta Europa mailan aitzindarienetakoa den telesailaren 20. denboraldia: Goenkalez ari gara. 1994ko urrian martxan jarri zen Euskal Telebistako saioak hogei urte beteko ditu laster. Honen harira, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekimen burutzekoa da Goenkale. Fitxaketa berriak ere egin ditu irailaren 17 honetan hasiko den denboraldi borobil honetarako; usurbildar bat hartu dute aktore taldean. Antzezle, zaletu eta azken urteotan, Usurbilen antzerkigintza alorrean hainbat ekimen antolatzen aritu den Alex Tello. Goenkalen ikusi ahalko dugu denboraldi berri honetan. Dakigun gauza bakarra, EITB-k aurreratu duena da. Asier izeneko mutil baten papera landuko duela usurbildarrak. Hortik aurrerakoen berri izateko, Goenkaleren atal berriak ikusi behar. Gaurtik hasita, astelehen eta astearte gauero, 22:15etatik aurrera ETB 1 telebista katean.
"Boterea lortzeko nahia, gizarte eta justizia mailan batzuen eta besteen artean dauden ezberdintasunak, langabezia, nerabeen haurdunaldiak... Egungo gizartean bizi ditugun kezkak eta egoerak islatuko ditu" Goenkalek, gaur estreinatuko den 20. denboraldian.
Irudia: EITB.