Ikasturte berria martxan izanda, ikasle eta gurasoen interesekoak diren zenbait ohar plazaratu dituzte Udarregi Ikastolatik, web orri bidez. Batetik, irailean egunez egun, ikasleek jangelan dastatu ahal izango duten menua zein izango den, zintzilikatu dute.
JOLASAK UZTEKO GONBITA
Bi ohar datorren asteari begira. Batetik, irailaren 25era arte, Agerialdeko beheko solairuan dagoen kaxa batean dago, aurreko 2012-2013 ikasturtean ikasleek bertan ahaztuta utzitako arropa. Aipatu epea igarota, kaxako arropa dagokion berrerabilpen ontzira eramango dutela ohartarazi dute Udarregitik. Bestalde, Haur Hezkuntzatik eginiko eskaera bat. "Etxean soberan badituzue motorrak, patineteak, txirrinda txikiak, kamioi handiak... eskertuko genizueke Agerialdera ekartzera irailaren 27ra bitarte. Aldez aurretik, eskerrik asko!".
KUOTAK
Diru kontuak orain. Udarregi Irakaskuntza Kooperatiba Elkarteak, 2013-2014 ikasturterako kuotak onartu zituen apirilaren 25ean eginiko azken batzar orokorrean. Honako hauek:
-Kooperatibako kuota osagarria: 35,38 euro (%3ko igoera).
-Elkartasun kutxa: 4,10 euro hileko eta familiako (bere horretan mantendu dute).
-Garraio-kuota: 61,50 euro hileko (aldaketa, erabiltze kopurua gutxitu baita. Kuota aldatu liteke aurrerago, erabiltzaile kopuruan gorabeherarik egongo balitz).
Honi lotuta, Udarregitik plazaratu duten beste oharra: "Iraileko kuotarekin batera, kontu korronte bidez, 2013-2014 ikasturteko ikasleen istripu-poliza kobratuko zaizuela jakinarazi nahi dizuegu. 12,50 euro izango da".