Gaur aurkeztuko dute, Usurbil Kirol Elkartearen 50. urtemugako liburua

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 19a, 00:00

Pepi Aierbe, Mertxe Illarramendi eta Maite Makazaga usurbildarrak dituzue ondoko irudian. Gaur 19:00etan Potxoenean aurkeztuko den “Usurbil Kirol Elkartea 50 urte. 1963-2013” izeneko liburuko azala eta edukia eskutan dituztela ageri dira. Hirurak, eskubaloi taldeen bilgunearen mende erdi honetako historiaren zati dira. Hirurek, 15-17 bat urte zituzten 1963an, herriko beste emakume batzuekin batera taldea osatu zutenean. Duela 50 urte izan zen hain zuzen, eskubaloia kirol jarduera gisa Usurbilen ezagutzera eman eta gutxira. Santixabeletan zirrara handia sortu zuen eskubaloi partida jokatu zen. Jendetza bildu zuen, Gipuzkoako talde onenak lehian jarri zituen neurketak. Herriko hainbat gazte animatu ziren gero, jarduera berri hau probatzera. Eskubaloian izena eman zuten 1963 hartan. Lau talde osatu ziren, horietako bat, Aierbe, Illarramendi eta Makazaga kide zituen emakumeena. Kontuan izan, orduko testuingurua zein zen. Aipatu besterik ez dago, emakume talde honek gustuko zuen kirol jarduera hartan aritzeko erakutsitako gogoa, ausardia eta emakumezkoen kirola bultzatzeko eginiko ahalegina. 

Duela bost hamarkada Usurbilen zegoen Garbi-Alai elkartearen baitan, Gaztedi izenarekin aritu ziren eskubaloian, gizonezkoen taldeekin batera. Gerora, 1969an hartuko zuen bilguneak, egun duen izena; Usurbil Kirol Elkartea. Asteazkenak heldu eta frontoian egiten zituzten entrenamendu saioetara joateko  zain izaten ziren Aierbe, Illarramendi eta Makazaga. Neurketak ere jolastu zituzten, 1963-64 denboraldi hartan. Baina aurkari gutxi zituzten. Usurbilgo emakumeen eskubaloi taldea, Gipuzkoan bakarrenetarikoa baitzen. 50 urte beranduago, NOAUA!n izan berri dira, Maite Makazaga, Mertxe Illarramendi eta Pepi Aierbe. Euren lekukotzen berri eman diote aldizkariari. Gogorarazten dutenez, zeresana eman zuen garai hartan, orduan kirol jarduera berria zen eskubaloiak. Eta bigarrenik, baita kirol jarduera hartan emakumeak aritzea ere.

Belaunaldi guztietako herritarren argazkiak
Oso pozik hartu dute eskutan, JJ Furundarenak idatzi eta gaur 19:00etan Potxoenean aurkeztu duten liburua. Eskubaloiak 50 urteotan jorratu duen historiaren zati dira eta. Eurek osatu baitzuten, Usurbil Kirol Elkarteak izandako emakumezkoen lehen taldea. Gerora lekukoa hartu zutenek, elkartea garaipen urteak bizitzera eramango zuten.

Kirol Elkarteari lotuta kaleratu den liburuak euren argazkiak, baina bost hamarkada hauetan izan dituen beste hainbat talderenak ere jasotzen ditu. Bitxikeriak, lekukotzak, garaipenak, hedabideek jasotakoa… Irakurlea erakarri, eta argazkiak ikusiz edota 50 urteotako hainbat pasarte irakurriz, entretenitua izango duen argitalpen berria aurkeztuko dute gaur Potxoenean. Dokumentazio lan handia dago lan honen atzean. Atzoko eta gaurko elkarteko kide, jokalari, zuzendaritza, entrenatzaile, guraso, zaletu eta gainerakoak omendu eta esker ona adierazi nahi zaie liburu honen bidez. Datozen asteotan eskuragarri izango da.