610.850 euro bideratzu asmo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, iraunkortasunaren aldeko ekimenetara. Herrialdeko udalek eta garapen agentziek Tokiko Agenda 21en harira aurkeztutako 32 proiektu lagunduko ditu diruz. Horien artean, Usurbilgo Udalak aurrera eraman nahi duen Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plana. Egitasmo hau udalbatzak aho batez onartu zuen iragan uztailaren 23an burutu zen osoko ohiko bilkuran. 5.324 tona CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetzea aurreikusten duen egitasmoa. 2020. urterako %20 murriztu nahi da aipatu isurpena, 2011ko azaroaren 29an, eta "Europar Batasunaren energia-politikaren helburuetatik haratago joateko asmoz", udalbatzak aho batez onarturiko Alkateen Itunak jasotzen duen moduan. Alor honetan, Usurbilgo egoera nolakoa zen aztertua duen diagnosi dokumentuan oinarritua dago plana.
2007. urtea proposatzen da, 2020ra arte jarraitu beharreko estrategia zehazten hasteko erreferentzia urte modura. Planaren helburua betetzeko, bost ildo estrategikoetan banaturiko 58 neurri jasotzen ditu Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Planak. Lan ildoak honakoak dira: efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura eta inguru naturala. Isurpen gehienak sortarazten dituztenak izanik, mugikortasun eta energia lan ildoak izango dira Udalaren jomuga nagusiak. Plan honen bidez, "Udal sailean, bizitegietan eta zerbitzuetan" eragin nahi da:
UDAL SAILA
Inbertsioa: 1.348.273 euro (aurreikusiak).
Isurpen murrizpenen %63 suposatzen du.
Ekintzak: udalaren menpeko eraikin eta instalakuntzen efizientzia energetikoa areagotzea, ur aurrezpenak, hondakinen kudeaketa aldaketak...
BIZITEGIAK
Isurpen murrizpenen %37 suposatzen du.
Ekintzak: etxebizitzetako efizientzia energetikoa areagotu, mugikortasun iraunkorreko ohiturak ezarri, garraio publikoen sustapena, ibilgailu eraginkorren eskuratzea sustatzea (eta euren erabilera minimotara eramatea)...
ZERBITZUAK
Isurpen murrizpenen %0,5a suposatzen du.