Parranda giroan blai jada, Santuenea

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 20a, 00:00

Busti busti eginda hasi dituzte jaiak Santuenean. Goitik behera euritan, eta hori gutxi ez eta, urez betetako milaka puxika elkarri jaurtitzen aritu dira auzotarrak eta hara joandako herritarrak, txupinazo osteko globo gerran. Haur eta heldu, ederki gozatu dute plazan elkar bustitzen. Globo gerra ikustera joandako baten batek ere blai amaitu eta beste batzuk eskapada ederra egin dute. Ozta-ozta libratu dira, korrika ihes egin dutelako.

Aipaturikoa, jaietan blai dago Santuenea. Txokolate eta sardinak dastatu, eta txarangak kaleak girotu artean, denak gauera begira daude jada. Festetako aurtengo ediziorako Jai Batzordeak egin duen apustu nagusira. 23:00etatik aurrerako kontzertuetan, besteren artean, EH Sukarra taldekoen kontzertua izango baita Santuenean. Aurretik, "telonero" lanetan herriko musika talde gazte bat arituko da; Artobixar. Ander Osa (abeslaria), Endika Larrañaga (gitarra), Herri Harto (baxua), Mikel Romero (bateria) eta Jon Ander Bruño (gitarra) boskotea "show"a ematera doaz auzora. Goizaldera arte luzatuko da parranda giroa, Joxpa ondarrutarren erromeria giroarekin. 

Bihar, haurrei zuzenduriko ekitaldiak nagusituko dira egunean zehar; jokoak, puzgarriak, bazkaria, buruhandiak, txokolate jana... Larunbata izanda, bazkalostean mus zaleek hitzordua dute Santuenean. Igandean, Hipo eta Tomax, piper dastatzea, toka... Eta herri bazkaria.

Kantu afari eta herri bazkaritararako txartelak
Josune Aranburuk 20:30etan hasita girotuko duen larunbateko herri-afarirako eta igandean, 14:00etatik aurrera ospatuko den herri bazkarirako txartelak aurrez erosi behar dira. Salgai daude, Santueneako zaharren egoitzan, Ibai Ondo Elkartean eta Santuenea Elkartean. 

Santuenea gaurtik jaietan da beraz. Bertako festetan ez galtzeko, hona beharrezko gida:

Irailak 20, ostirala
17:00 Txupinazoa txosna aurrean eta txokolatada Tragoxkan.
Ondoren globo gerra.
18:30 Buruhandiak eta txaranga.
19:00 Sardin jana.
23:00 Kontzertuak: Artobixar, EH Sukarra eta Joxpa.

Irailak 21, larunbata 
11:00 Haur jolasak eta pintura lehiaketa.
13:00 Buruhandiak.
14:00 Haur bazkaria (Norberak bere bazkaria ekarri eta edariak eta postrea bertan banatuko dira).
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea). 
16:00 Haurrentzako puzgarriak.
17:30 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
19:00 Buruhandiak.
20:30 Kantu afaria Josune Aranbururekin.
00:00 DJ Van. 

Irailak 22, igandea
11:00 Toka txapelketa. 
12:00 Hamaiketakoa txosnan.
14:00 Herri bazkaria.
18:00 Hipo eta Tomax pailazoak.
Ondoren buruhandiak.
19:30 Piper dastaketa.
21:00 Festen amaierako traka.