Uda sasoiko giroa espero da igandean, VI. Baxurde Kroserako. Lasterkarien informaziorako, 25-30 gradu arteko tenperaturak, eta hego haizea, Euskalmetek iragarri duenez. Igande goizeko 11:00etarako Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldekoek Mikel Laboa plazan finkaturiko irteera gunean prest beharko dute kirolariek, aurten estreinakoz antolatzaileek aukeran jarri duten bi ibilbideotako bat osatzeko; 5,2 edo 10,75 kilometrotakoa hain zuzen. Kaxkoa, Santuenea, Zubieta eta Kalezar lotuko ditu beste behin, Baxurde Krosak. Gogoan izan, egunotan Kirolprobak izeneko atarian edo Oiardo Kiroldegian apuntatu ez direnek, igande goizean, proba hasi aurretik izena emateko aukera izango dute. Izena ematearen baitan, asegurua izango du lasterkariak. Probaren erdian ur-hornidura, eta amaieran hamaiketakoa.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "dortsala eta txipa lasterketa egunean bertan banatuko dira frontoian, Mikel Laboa plazaren ondoan, goizeko 9:00etatik aurrera".
Sarean behintzat, ostiral goiz honetan, Baxurde Krosean parte hartzeko 297 lasterkarik izena emana zuten. Gogoan izan aurten, bi ibilbide aukeran jartzeaz gain, beste aldaketa bat ere txertatua duela antolakuntzak; parte hartzea, 350 lasterkarira mugatu dute Baxurde Txikikoek. Helduak bakarrik ez, haurrentzako krosa ere izango da etzi.
Sari potoloak zozketan
Urtero moduan, parte hartzaileak ez dira esku hutsik etxeratuko. 10,75 kilometrotako ibilbidea osatu duten lehen hiru gizon eta emakumezkoentzako sariak egongo dira. Honez gain, parte hartzaile guztientzat oparia: poltsa serigrafiatua, sagardo botila 1, EtxeOndo galtzerdiak eta Fullgas etxeko gela.
Eta gero, zozketak, proban parte hartu duten guztien artean:
-Saltxipi jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Atxega jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Araeta jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Olarrondo jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Patri jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Artzabal jatetxean bi lagunentzat otordua.
-Viveros Bruño-k eskainitako 2 marisko otar.
-Arrospide banaketak eskeinitako kutixi lotea.
-Kirolari profesionalek sinaturiko arropa.
Egitaraua
Antolatzaileen oharrak kontuan izanda, honatx Baxurde Kroseko egitaraua:
IRAILAK 22, IGANDEA
9:00etatik aurrera, dortsal eta txip banaketa Mikel Laboa plazan. Izena emateko aukera egongo da.
11:00 Krosa: helduen eta haurren irteera.
Eguerdian sari banaketa, lasterkariak helmugara iritsi ostean.