Interes handia piztu du, eskubaloiari buruzko liburu aurkezpenak

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 20a, 00:00

Potxoenean deitua zegoen ekitaldia, baina azken unean Sutegira lekuz aldatzekotan egon ziren, hitzordura bertaratu zen jendetzagatik. Azkenean, nola edo ahala, bakoitzak bere lekua hartu zuen, batzuk eserita, besteak zutik, txiki geratu zen kultur etxeko goiko areto nagusian. Belaunaldi ezberdinetako jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, udal ordezkari, guraso eta zaletu hurbildu ziren, "Usurbil Kirol Elkartea 50 urte, 1963-2013" liburu aurkezpenera.  

Adi adi jarraitu zituzten guztiek, jada kalean den argitalpenari buruz, egileak, J.J. Furundarenak emandako azalpenak. Mende erdiko historiaren zati diren lagunak zeuden Potxoenean, eta haiekin guztiekin elkarlanean osatu du usurbildarrak, pasadizo, argazki, lekukotza, eta une pozgarri eta historikoz josia dagoen liburua. Une gozoetaz, atal oso bat idatzi du Furundarenak. Klubaren historia hasieratik jada, izandako garaipenak jasotzen ditu; 63-64 denboraldiko Kopako finala, 80. hamarkada hasierakoak, 94-95 urteetan neskak 1. nazionalera nola igo ziren, hurrengo urteetan oriotar eta usurbildarrez osaturiko mutilen taldeak izandako garaipen sorta... 

Kirol elkartearen alde egin dutenen esker onez
Bost hamarkada hauetan Usurbil, Ohorezko Mailara heldu diren entrenatzaile bat eta 12 jokalariren harrobi ere izan da. "Bost urtetik behin jokalari handi bat" eman du Usurbil Kirol Elkarteak, Furundarenak atzo nabarmentzen zuenez. Nortzuk diren, eta euren inguruko datu guztiak ere biltzen ditu, "Gurea da ohorea" izeneko liburuko beste atal batek. 

Txiste, bitxikeria, sailkapen, ospakizunetako eta taldeen argazki eta abarrek osatzen dute liburua. Gehiago aurreratu gabe, hoberena kalean den lana esku artean hartzea. Jotak argitalpen hau gaur kalean egotea posible egiten duten guztiak eskertu nahi izan zituen atzoko ekitaldian. Berak bakarrik ez, auzolanean eginiko liburua dela nabarmendu zuen. Eta horregatik, Usurbil Kirol Elkarteak 50 urteotako ibilbidea egitea ahalbidetu duten guztiei esker ona adierazteko lana izatea nahi du egileak. Omenaldi onena bere esanetan, liburuan bertan islatua dagoena baita. Nahiz, nabarmendu nahi izan zuenez, jende asko aipatu gabe geratu den. Tapia artistaren artelan batekin eta bertaratutakoen txalo artean eskertu nahi izan zioten Furundarenari, Usurbil Kirol Elkartearen izenean, aginagarrak eginiko lana. Egileak bere aldetik, aurrera begirako erronkarik ere planteatu zion Usurbil Kirol Elkarteari. 

Egilearen hausnarketak
Batetik, liburua osatzeko egin den dokumentazio bilketa abiapuntu gisa hartuta, sailkapen, lorpen eta bestelako informazioa biltzen jarraitzea aurrerantzean. Kirol alorrari dagokionez, "ia lortzen dugun behingoz, gizonezkoen taldeak bezain iraunkorrak izatea emakumezkoen taldeak". Eta hizkuntzaren ikuspegitik, "kontzientzia hartu behar da, euskara normalizatzeko bidean, badagoela egiteko lana". Pausoka, talde izenak, eskubaloian erabiltzen den hiztegia euskalduntzen joateko gonbita luzatu zion Furundarenak klubari. 

Eta herriari begira, bestelako ideia interesgarri bat ere proposatu zuen; ikerkuntza lan bat. Usurbil Kirol Elkartea bezalako bilguneek udalerri batean, herrigintzan, zer funtzio bete behar duten aztertuko lukeena; ia harrobi lana egin behar duen, denek jokatzeko edo goi mailan lehiatzeko elkartea izan behar duen, lehia eta heziketa nola uztartu halako bilgune batean... Hortxe liburu egilearen proposamenak.

Eskuratu liburua, eta parte hartu lehiaketan
Gerora eskuratzeko modua izango den arren, liburua momentuz igandera arte Sutegiko erakusketa aretoan salgai egongo da. Kirol elkartearen ibilbidea islatzen duen lan hau esku artean izango duzuenok, adi. Argitalpenak akats bat du. Zein ote? Egileak berak atzo, lehiaketa berezi bat proposatu zuen, hau guztia argitzeko. Ikerketa lana, irakurlearen esku uzten du. Zaila ezta? Horregatik hain zuzen, pista bat eman zuen Furundarenak. "Kirol lorpenen inguruko akatsa da". Hortxe pista, eta orain zuen lana akatsa identifikatzea. Errorea non dagoen jabetzen zaretenok, email bat bidali helbide honetara: usurbilke@gmail.com. Eta asmatzen duzuenon artean sari bat zozketatuko da, Mirotz Ullateren omenez eguberrietan egingo den eskubaloi txapelketaren baitan.