Udazkenean sartu berritan, abian gripearen aurkako txertaketa kanpaina

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 23a, 00:00

Bart, 22:44an sartu gara ofizialki udazkenean, nahiz gaurko eta egunotarako iragarria dagoen giroa uda tankerakoa izango dugun. Hozten hasiko da laster ordea, eta horrekin batera hasiko dira sukar eta doministikuak. Ahal den neurrian gaixotzea saihesten laguntzeko gripearen aurkako txertaketa kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Gaur hasi eta azaroaren 8ra arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako anbulatoriotara jo, eta txertoa jaso daiteke. Gasteizen helburua, gripea jasan dezaketen herritarren %65 txertatzea da. 65 urtetik gorakoak, eta gaixotasun kronikoak dituztenak dira, gripea izateko arrisku gehien izango duten kolektiboak. Baita osasun arloko langileak ere, kutsatzeko duten probabilitateagatik. 380.000 txerto erosi ditu Jaurlaritzak, 1.200.000 eurotan. Segurutzat eta eraginkortzat jotzen dute txertoa Jaurlaritzatik, eta honenbestez, anbulatorioetara joateko gonbita luzatzen diete bereziki, arrisku handien duten herritarrei, geroko konplikazioak saihesteko. Usurbilgo anbulatorioko telefono zenbakia honako hau duzue: 943 36 20 13.