Saria lehengoratzeko lanak abian dira udaz geroztik. Aldundiak bi hilabeteko epean amaitu asmo ditu, Udalak, usurbil.net ataritik adierazi duenez. Azken asteotan eman diren aurrerapausoen berri eman dute; “udako eguraldi lehorra ongi aprobetxatzen ari da Saria ingurua berreskuratzeko lanean ari den enpresa, eta Foru Aldundiaren gidaritzapean gauzatzen ari den obra martxa onean doa. Lehenengo lana zeuden makalak kentzea izan da. Gero, makinak sartu dira lurraren maila jaisteko, ura sartu ahal izateko, eta padura ekosistema berreskuratzeko. Gunearen itxura goitik behera aldatu egin da, lezkadia ere kendu baitituzte makinek. Hala ere, lanak amaitzen direnean, lezkadia itzuliko da. Kendutako lurra aprobetxatzen ari dira errepidetik eremua babestuko duen lur meta bat osatzeko. Hasiera batean, bi hilabeteko epean bukatzeko asmoa azaldu du Aldundiak, udazkeneko euriteak hasi baino lehen ahal bada”.