Auzolanean berritutako Eliza zaharra inauguratuko dute larunbatean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 23a, 00:00

Irailaren 28an, larunbatez inauguratuko dute Aginagan, Eliza zaharra, edo eraikin zahar berritua hobeto esanda. Azken hilabeteotan aginagarrek auzolanean eraberrituriko eraikina barrutik nola geratu den bertatik bertara ezagutu eta ondo merezitako herri bazkari batekin ospatuko dute, eginiko ahaleginak ekarri duen emaitza. Hilaren 28an, goizeko 11:30etan egingo da irekiera ekitaldia. Eliza itxura berritua ezagutu eta aipatu moduan, herri bazkaria ospatuko dute gero. Otordurako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Aitzagan, Arrate Zahar Egoitzan eta Sekañan daude salgai. Honatx inaugurazio eguneko egitaraua:

11:30 Irekiera.
12:00 Egindako lanaren erakusketa.
14:00 Herri bazkaria. Txartelak aurrez salgai: Aitzagan, Arrate Zahar Egoitzan eta Sekañan.

San Praixkuetarako prest
20 bat laguneko koadrila aritu da Aginagan, azken hilabeteotan auzolanean. Eliza barrua eraberritu, eta jatorrizko egitura berreskuratzeko ahaleginean. Lanean aritu direnek, bizitako esperientzia aberasgarria izan dela diote. Eta bertara, aipatu gunea bisitatzera joateko gonbita luzatzen dute. Aginagako ondarearen zati garrantzitsu bat berreskuratu dute eta. Urriko lehen bi astebururen bueltan ospatuko diren San Praixkuetarako prest egongo da Eliza. Nahiz, gerora, urtean zehar, guneari bestelako erabilpenik ere eman asmo dioten. Tailerrak, hitzaldiak, eta beste hainbat ekimen antolatu asmo dituzte. 

Hilabeteotan eginiko lana halere, ez da hemen amaitzen. Esate baterako, aurrera begirako erronken artean, elizako garai bateko abesbatza gunea berreskuratu nahi dute aginagarrek.