Umoretik abiatuko dira aurtengo Aginagako San Praixkuak. Futbol kontuak alboratu eta komunikazio munduan murgildua dagoen arren, bere kirol ibilbidea ardatz duen emanaldia eskainiko du Zuhaitz Gurrutxagak, urriaren 3an, gaueko 22:00etan hasita Aginagako ludotekan. "Futbolisto baten konfidentziak" izeneko bakarrizketa saioa eskainiko du, denboraldi berri honetan, ETB 1 telebista kateko "Tumatxak" edo "Hizkamizka" saioetako aurkezleak. Kirolari bezala Gurrutxagak jorratu duen ibilbidean izandako esperientziak azalduko ditu umoretik; futbol zelai barruan eta handik kanpo bizitakoak. Golak, kanporaketak, entrenatzaileak, lagunak, bidaiak, garaipenak, porrotak, maitasun istorioak… Egia guztia kontatzera dator Aginagako ludotekara, astebete barru. Urriaren 3an, gaueko 22:00etan Aginagako ludotekan.
Bakarrizketa saio hau baino ordu batzuk lehenago abiatuko dira San Praixkuak. Urriaren 3an, 18:00etan jaurti eta buruhandi zein trikitilariek girotuko duten txupinazoarekin hain zuzen. Segidan, asteotan jokatzen ari diren pala txapelketen finalak jokatuko dira, bai emakumezko eta gizonezkoenak. Hau guztia San Praixku Egun bezperan. Aginagako jaiak urriaren 3an hasi eta 12an amaituko dira. Sei festa egun denera; urriaren 3,4,5,6,11 eta 12an parranda Aginagan.