Entsegu saioetara itzuliko dira gaur, Kantu Taldekoak

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 24a, 00:00

Udako etenaldiaren ostean, bueltan datoz gaur Kantu Taldekoak, entsegu saioekin. Ohi bezala, 18:30-19:30 artean elkartuko dira Udarregi Ikastolan eta Susi Elosegi ikastolako musika irakaslearen gidaritzapean. Lau egun barru, hilabete honetako azken larunbatean, ikasturte berriko lehen kantu-jira ospatuko dute. Irailaren 28an, 19:00etan abiatuko dira kantu zaleak, Mikel Laboa plazatik. Gogoan izan, kantu liburuxka eramatea eskatzen duela antolakuntzak, kantu-jirara.

Bilgunera gerturatzeko gonbita luzatzen dute, urtarrilean 5 urte beteko dituen kantu taldetik. "Entseguetan parte hartzea doakoa da. Usurbilgo Udalaren laguntza daukagu. Kantuan aritu nahi duen guztiak dauka Kantu Taldean parte hartzeko aukera. Entseguak asteartero izaten dira", berri eman dute. Taldea 2009an osatu zutenetik, "230 bat kantu baditugu gure kantutegian. Kantuak kantatzen, ikasten eta plazaratzen saiatu gara. Kalean hainbat Kantujira, Kantuafariak, Lagunekin Kantari ekimenak, Bertso-Kantujirak eta inguruko jaietan parte hartuz, kantatzeko ohitura berreskuratzen ibili gara eta halaxe segitzea da gure nahia".