Gipuzkoako eskualdeetako eragileek lurralde garapeneko estrategiak diseinatzeko lanetan parte hartzea sustatu asmo du Foru Aldundiak. Guztia bi aldeak, Aldundia eta eskualdeetako garapen agentzia edo parekoak diren erakundeak elkarlanean jarrita. Modu horretan, gobernu eredu berri bat eratzea da erronka nagusia. Gai honen harira, Aldundiak eskualdeekin hitzarmenak sinatzeko asmoa du. Tartean Buruntzaldearekin. Usurbil bere baitan hartzen duen bailara honek ordea ez du garapen agentziarik. Horregatik, Buruntzaldeko udal guztiek Aldundiarekin egitasmo hau gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatzea erabaki da. Lankidetza hitzarmen hau sinatzea onartu edo ez erabaki behar zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. EH Bildu eta PSE-EE alde agertu ziren, Hamaikabatek abstentziora jo zuen.
Gehiengo osoaren babesa izanda, Usurbilgo Udalak hitzarmen hau sinatzea baimenduko du. Buruntzaldeak garapen agentziarik ez duenez, Hernaniko Udalak ordezkatuko ditu bailarako gainerako udalak; Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. 38.643,30 euroko diru-laguntza jasoko du. Eta trukean, honako konpromiso hauek hartuko ditu Hernanik;
-Bi teknikariren lankidetza eta parte hartzea Foru Aldundiak antolatuko duen prestakuntza tailerretan (urte batez).
-Eskualde arteko mahaien antolakuntzan lagundu eta bertan parte hartzea.
-Kanpo ikuskaritzak finkatutako daten araberako ikuskatze programa bat segitzea.