Orain arte udaletxe alboan egon diren "Mediku-etxe"tik badoaz Usurbilgo DYAkoak. Ez Usurbildik kanpora ordea. Muna-Lurran eraikiak dauden babes ofizialeko etxebizitzen berrien ondora baizik. Muna-Lurra 26a izango da aurrerantzean, egoitza lanak egingo duten gunearen helbidea. Ostiralean inauguratuko dute, arratsaldeko 18:00etan. Instalakuntzak ikusi, eta luntxa dastatzeaz gain, DYAko lehendakariak eta Usurbilgo Udaleko alkateak hitzarmen berri bat sinatuko dute. 20 urterako, luzagarria beste 10 urtez, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran Jone Urdanpilleta zinegotziak berri eman zuenez. Muna Lurrako egoitzaren erabilera doan DYAri ematea erabaki zuen udalbatzak aho batez, "irabazi asmorik gabeko eta herri onurako elkartea dela frogaturik geratu delako". Honekin batera, eta leku aldaketaren ondorioz, orain arte udaletxea ondoan DYAk erabiltzen zuen eraikina arautzeko zegoen hitzarmena etenda geratuko da. Egoera kaxkarrean egon eta DYAk laguntza zerbitzua eskaintzeko muga handiak zituen lokal hau Udalaren esku geratuko da berriz.
Aipatu moduan, egoitza berriaren erabilera arautuko duen hitzarmena ostiraleko inaugurazio ekitaldian sinatuko dute DYAk eta Udalak. Mertxe Aizpurua alkateak Udalaren izenean eta Jose Luis Artola DYAko lehendakariak.
GUNEA
Gune berria DYAk bakarrik ez, Muna Lurrako bizilagunek bilerak egiteko ere baliatu ahal izango dute. Eta odol emaileen elkarteak ere bertan izango du egoitza aurrerantzean. Gela edo areto desberdinetan banatua egongo da egoitza berria. 124 metro karratu erabilgarri guztira, modu honetan banatua:
-Harrera.
-Ikasgela/bilera gela.
-Sendatze gela.
-Komuna.
-Komuna (dutxa).
-Biltegia.
-Egongela.
-Logela.
-Barne bulegoa.
-Sukaldea.