Hamaika urteren ostean aske utzi dute gaur, Jokin Errasti aginagarra. Egun, Zueran (Zaragoza) zuten preso. Etxerako itzulera bidaia egiten lagunduko dioten senide eta lagunek egin diote harrera aginagarrari espetxe atarian. Hara bertaraturakoek bidalitako argazkia duzue ondokoa. Denek herrira bueltan behar dute honez gero. Usurbilen, biharko iragarria zegoen presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egun bete aurreratu dute. Ohiko ordu eta lekuan, baina gaur egingo da Herrirak deituriko mobilizazioa. Arratsaldeko 20:00etarako iragarri dute, Mikel Laboa plazan. "Herriko presoen eskubideen aldarrikapena egingo baita inoiz baina ozenago", adierazi dute deitzaileek. Herrirak Mikel Laboa plazara gerturatzeko deia egiten die herritarrei. "11 urteren ondoren, ostegunean askatasun taupadez bete behar dugu Mikel Laboa plaza!". Jokin Errasti bertan egotea espero da.
Tentsio handiko egunak, atxilotuek torturak salatu zituzten
2002ko irailaren 30ean atxilotu zuten Jokin Errasti, Oihana Lizasorekin batera, Urbilgo jatetxe batean. Garai hartan hamaboskaria zen NOAUA!k jasoa duenez, miaketak hasi ziren gero. Atxilotuak gaueko 22:00ak Kaxkoan partekatzen zuten bizilekura ekarri zituzten. Handik gutxira iritsi zen epailea. Jazarpen poliziala gaueko 1:45ak arte luzatu zen Kaxkoan. Kalean miaketak jarraitzen jendetza bildu zen. Eta gutxienez, 15 lagun identifikatu zituzten. Miaketak urriaren 2an errepikatu ziren. Bi egun beranduago, 2002ko urriaren 4an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Teresa Palaciosek Lizaso, Errasti eta Aritz Lasa Soto del Realen espetxeratzeko agindua eman zuen. Biharamunean, abokatuak atxilotuak bisitatzeko aukera izan zuenean, hirurek torturak jasan zituztela salatu zuten.
Atxiloketak irailaren 30ean gertatu eta berehala antolatu ziren lehen mobilizazioak. Urriaren 1ean, atxilotuen senitartekoek bezperako miaketa salatu zuten Donostiako epaitegi batean. Iluntzean herri batzarra eta manifestazio jendetsua burutu ziren Usurbilen. Hurrengo egunetan, Udalak miaketa prozedura salatu eta atxilotuen senideei elkartasuna adierazi zien ezohiko osoko bilkura baten bidez. Orduan osatua zegoen giza eskubideen udal batzordeak ere prentsaurrekoa eskaini zuen; senideek eginiko "habeas corpus" eskaerarekin bat egin zuten, besteak beste.
Bost urte eman zituen espetxean Oihana Lizasok. 2007ko irailaren 28an utzi zuten aske. Gaur, gertakari haietatik hamaika urte betetzear diren honetan itzuliko da etxera, Jokin Errasti.