Aginaga, aginagarrak, aginagarren ohiturak, bizimodua, jaiak, paisaiak, lekukotzak, euskara... Hori guztia eta gehiago jasotzera datoz irudiz eta bideoz Aginagara, Iparraldeko lau lagun. Urriaren 3an hasiko diren San Praixkuetan murgilduko da taldea. Hiru egunez, aginagarrekin elkar biziko dira. Erriotik osteratxoa egin, San Praixku eguneko ospakizunetan herritarrekin egon, agiñagarren familia argazkia atera edota, oilasko biltzaileetan irtetekoak dira Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Pierre Vissler eta Joanes Etxebarria. Guztia grabatu asmo dute, lehenago beste zenbait lekutan egin duten moduan. Lantzen ari diren proiektu honen aurrerapen modukoa, urriaren 5ean, 20:00etan eskainiko dute Aginagako ludotekan. “Emanaldian beren kantuak musikak eskainiko dituzte, bai eta Arnegin bildutako jendeen ahotsak, soinuak, argazkiak ere bai”, adierazi dute. Aurrez Ipar Euskal Herriko bi txokotan, Arnegin eta Pagolan egondakoa da laukotea, Aginagan egin asmo duten lanketa bera egiten. Jasotako ahots, irudi eta argazkiak prestatu eta gerora, sarean zintzilikatzeko asmoa dute.
Eliza zaharraren inaugurazioa larunbatean
Gogoan izan bestalde, San Praixkuetarako zabalik izango dela jada, etxekoek azken hilabete hauetan auzolanean berritu duten Aginagako Eliza zaharra. Larunbat honetan, irailaren 28an inauguratuko dute, 11:30etan. Herri bazkaria ospatuko da egun berean. Txartelak aurrez eskuratu behar dira. Salgai daude Aitzagan. Baita Aginagan ere noski; Arraten eta Sekañan.