Tipi-Tapa zaleok, zorionekoak zuek. Udako etenaldiaren ostean, Hurbilago Elkarteak Usurbilgo Udalaren laguntzaz antolaturiko ibilbide gastronomikoa luzatuta, indartuta eta berrikuntzekin baitator. Ohi bezala, hilero lehen igandero ospatzen jarraituko da ekimena; uda osteko lehen hitzordua, urriaren 6an, goizetik 15:00ak arte. Baina adi, aurrerantzean bost ez, zazpi geltoki izango baititu Tipi-Tapak. Estreinako ikasturtearen inguruan balorazio ezin hobea egin ostean, iazko edaritegiek aurten ere egitasmoan jarraituko dute; bai Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta baita Txiribogak ere. Urritik aurrera, beste bi taberna batuko zaizkie; Xarma eta Txirristra.
Honenbestez, bost ez zazpi tabernek parte hartuko dute Tipi-Tapan. Eta Tipi-Tapa txartelak ere berrituko dituzte antolatzaileek. Aurrerantzean, zozketan parte hartzeko bost ez, zazpi zigilu eskuratu beharko dira. Eta zozketak aipatu ditugula adi, aurrerantzean, bi hilean behin ez, hilero, hau da Tipi-Tapako edizio guztietan zozketa bana egingo da. Lehen, bi hilero zozketatzen zuten Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko 300 euroko erosketa balea. Orain saria bitan erdibitu dute antolatzaileek. Aurrerantzean, hilero 150 euroko erosketa balea zozketatuko da. Horretarako, esandakoa; Tipi-Tapa txartela eskuratu, zazpi tabernetan pintxo berezi bat dastatu, zigilua lortu eta edaritegi hauetan egongo den kaxetan sartu txartela. Zoriak egin dezala gainerakoa.
Perretxikoekin eginiko pintxo bereziak
Honenbestez urriaren 6an, Tipi-Tapa bostetik zazpi tabernetara zabaltzearekin batera, denboraldi berriko 150 euroko erosketa balearen lehen zozketa egingo da. Ohiko orduan; 15:00etan, oraingoan Txiribogan.
Gerturatu beraz urriaren 6an Kaxkora, eta tipi-tapa dastatzen joan zazpi tabernek prestaturiko pintxo bereziak. Garaian garaiko produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen dute antolatzaileek. Perretxikoak izango dira, tabernariek prestatuko dituzten pintxo berezietako produktu izarra urriaren 6an. Dagoeneko, eskainiko dituzten zizka-mizketan pentsatzen hasiak dira tabernariak; onddo gutizia, piper beteak, krepak... Goxo goxoa dena, aurreko ikasturtean bezala, urteko ardo zuri, gorri edo beltza, txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo urak lagunduta 2 eurotan. Edaririk gabe, pintxoa bakarrik probatu nahi bada, 1,5 euro ordaindu beharko dira. Zer non dastatu ahal izango duzuen jakiteko, urriaren 6ra arte itxaron beharko da. On egin!