11 urte espetxean igaro ostean, etxean da berriz Jokin Errasti. Goizean irten da Zuerako (Zaragoza) kartzelatik. Senide eta lagunak zain zituen espetxe atarian, eta haiekin egin du Usurbilera itzultzeko bidea. Hemen, Herrirak elkarretaratze berezia deitua zuen arratsaldeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan. Ordu horretarako, jendez bete dira plaza inguruak. Plaza ondoko errotondara heldu denean, txalo, ikurriña eta besarkada artean hartu dute Errasti. Errotondatik frontoi atzerainoko bidea egin du. Bide horretan, aipaturikoa, agurrak, lagunak, irribarreak, malkoak... Emozioak pil-pilean. Bide amaieran, lagunek aurreskua dantzatuz eman diote ongi etorria aginagarrari. Txapela eta lore sorta jaso ditu baita, txalo artean. Eta handik gero, Aitzagara kalejiran. Elkartean sartu eta preso dauden herritarren argazkien artean, berea kendu du. Errastik eskerrak eman nahi izan dizkie harrera egitera bertaratu diren guztiei. Luntx batekin borobildu dute, gazi-gozoa izan den ekitaldia. Errasti etxean baita berriz, baina bera aske utzi eta gutxira jakin da beste aginagar bat atxilotu dutela; Patxi Segurola.