Patxi Segurola atxilotu dute, elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 27a, 00:00

Gendarmeek Patxi Segurola atxilotu dute, azken urteetan konfinatua izan duten Autunen. Aginagarra Madrilera daramate, ostiral honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera. Senideek ez dakite non dagoen. Modu honetan, gauzatu da jada espainiar estatuak aginagarra estraditatzeko egina zuen eskaera. Egoera honen aurrean mobilizazioak deitu dira egunotarako; lehena ostiral honetarako. EH Bilduk antolaturiko elkarretaratzea 20:00etan, Mikel Laboa plaza, "Konponbideari erasorik ez! Patxi askatu!" lemapean.

Madrilera estraditatuko zutela jakin zenetik, senide, lagun eta herritarren hainbat elkartasun mezu jaso ditu Segurolak, azken orduotan. Besteak beste, sare sozialetan. Jokin Errasti aske utzi zuten egun berean, aginagarra atxilotu izanaren harira, azken orduetako gertakarien aurrean, Mertxe Aizpurua alkateak hala zioen sare sozialetan; "Usurbil gaur Euskal Herriaren ispilu: Jokin kartzelatik herrira. Patxi konfinamendutik Madrilera daramate. Poza eta sufrimendua. Bietan bizi gara." Amaiurko diputatu, Xabier Mikel Errekondok ere elkartasuna adierazi nahi izan dio aginagarrari: "Patxi Segurola konfinatua atxilotu dute Espainiara estraditatzeko. Besarkadarik beroena Usurbildik Ximio!".

Sare sozialetan bakarrik ez, atzo Jokin Errastiri egin zitzaion harrera ekitaldia, Segurolari elkartasuna adierazteko ere izan zen. Herrirak deituriko hitzorduan, egunotarako hainbat mobilizazio iragarri ziren. Aipaturikoa, elkarretaratzea gaur, biharko giza-katea eta astelehenean agerraldia. Hemen ordu eta guzti, deialdion berri:

Irailak 27, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Irailak 28, larunbata
20:00 Giza-katea, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Irailak 30, astelehena
20:00 Herritarren agerraldia Mikel Laboa plazan.

Urriak 3, osteguna
18:00 Ezohiko osoko bilkura udaletxean: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu eta bozkatzea.


Bi urte eta erdiko prozedura
11 urte espetxean eman, zigor osoa bete eta kaleratzear zela, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginagarraren aurkako estradizio-eskaera aurkeztu zuen 2010. urte amaieran. Ordutik, bi urte eta erdi iraun du estradizio prozedurak. Denbora tarte honetan, Autunen konfinatua egon da Segurola, bere sorterritik 850 kilometrotara. Egunero bi alditan jendarmerira joan behar izan du, eta Autunetik ateratzeko debekua zuen. Frantziako Estatu Kontseiluak Patxi Segurola herritarraren aurkako estradizio eskaeraren gauzatzea aztertu zuen joan den ekainaren 24an. Segurolak estraditatua ez izateko eginiko eskaerak ez zituzten aintzakotzat hartu eta uztailaz geroztik, estraditatua izateko jakinarazpena noiznahi jaso zezakeen aginagarrak. Uztailean zehar, hainbat mobilizazio burutu ziren Usurbilen, Segurola estraditatzearen aurka eta Patxi aske uztea eskatzeko. Udan zehar, azken urteotan bezala, konfinatua jarraitu du Autunen, jendarmeek atzo arratsaldean atxilotu zuten arte.

HERRITARREN AGERRALDIA
Patxi Segurola estraditatua izateko arriskupean zela jakin eta segituan deitu ziren mobilizazioen artean, herritarrek agerraldia egin zuten Mikel Laboa plazan joan den uztailean, Segurola estraditatzearen aurka eta aske uztea eskatzeko. Honatx, hitzordu honetan irakurri zuten adierazpena:

Maiz hitz egiten da herritarrez, askotan hitz egiten da herriaren izenean, gure ahotsa ordezkatu nahian. Baina gaurkoan guk, herriak, herritarrok, ahotsik gabekook dugu hitza. Zuzenean hitz egitera etorri gara hona!

Urte luzez darraien gatazka politikoaren erdigunea gara, Euskal Herria osatzen dugun herritarrak, izan etorkin, izan euskal eledun, izan gazte, izan langile. Finean, gure hitza eta erabakia ukatuak izan zaizkigu, gure askatasuna eta burujabetza ukatu dizkigute legalitatearen eta demokraziaren izenean. Baina, zer ote da demokrazia herritarren boterea ez bada? Eskubideez mintzo dira, baina, non dago gure etorkizunaren jabe izateko eskubidea? Libre izan al gaitezke gure etorkizunaren gaineko erabakirik hartu ezin badugu?

Gatazka politiko honi, behin-betiko konponbidea eman nahi diogu hemen aurkitzen garen herritarrok, hemen elkartu garen eta Euskal Herria osatzen dugun herritar guztion eskubide oro bermatua izan dadin. Aspaldi honetan horretan gabiltza, euskal herritarron gehiengo zabalak horretan dihardugu, adostasunak josi eta frantziar eta espainiar estatuek behingoz bake iraunkorra eraikitzeko norabidean ibilarazteko, herri presioak eraikiz.

Dena den, gaur gaurkoz, ez dugu behar adinako herri presiorik sortu, eta espainiar eta frantziar estatuak beraien inmobilismoaren gerizpean eroso sentitzen direla dirudi, konponbidea blokeatu nahian, egunetik egunera benetako demokrazia eta bakeranzko bideari oztopoak jarriz. Patxiren estradizioa beraz, testuinguru horretan kokatzen dugu hemen aurkitzen garen herritarrok. Hau dela eta, estradizio hau, euskal herritarrok eta Euskal Herriak irmotasunez hartutako gatazkaren konponbidearen aurkako oztopo den neurrian, esan beharrik ez dago eraso hau ez dela Patxiren aurkakoa soilik, baizik eta Euskal Herriari berari egiten zaion eraso frontala dela. Frantziar Estatuak kasu honetan, eraso egiten dio garai berria zabaltzeko herritarrok agertu dugun erabakiari. Honen arrazoia, argia da, gatazka betikotu nahi dute, bakearen beldur direlako, herritarron hitza eta erabakiaren beldur direlako!!!

Plaza honek oroitarazten duen hark ozen kantatzen zuenez, “Bat inon loturik deino, ez gara libre izango”. Eta libre izan nahi dugunez, herritarrok Patxiren estradizioa eta oro har, gatazkaren konponbidearen aurkako eraso oro salatu nahi dugu. Baina, gaurkoan salaketatik haratago joateko asmoa adierazi nahi dugu. Denon artean ehuntzen joan garen elkartasun sare hau konpromiso eta antolakuntzaren isla den harresi herritarrean gorpuztea lortu behar dugu, atxiloketei ezetz esanez, eskubide urraketa oro salatuz, eta ezbairik gabe, Patxiren aurkako estradizioa geldituz. Hortik soilik iritsiko dira garai berriak Euskal Herrira, eta prozesu horretan, guk, herritarrok, izan behar dugu bermea.

Hori da herritarron erronka, eta beraz, horretan berresten gara.

Gora gu ta gutarrak!!!

Patxi askatu!!! Estradiziorik ez!!! Gu konponbidearen alde!!!