Ikasturte berriko lehen kantu-jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 27a, 00:00

Asteartean itzuli ziren entsegu saioetara eta larunbat honetarako deitua dute ikasturte berriko lehen saioa; kantu zaleek hitzordua dute bihar 19:00etan, Mikel Laboa plazan. Kantu liburuxka eskutan, afal ordura arte luzatuko den kantu-jira ospatuko da Kaxkoan. 

Denbora nola pasatzen den. Bost urte beteko ditu Kantu Taldeak datorren 2014ko urtarrilean. Bilgunea 2009an jarri zuten martxan, eta ordutik, "230 bat kantu baditugu gure kantutegian. Kantuak kantatzen, ikasten eta plazaratzen saiatu gara. Kalean hainbat Kantujira, Kantuafariak, Lagunekin Kantari ekimenak, Bertso-Kantujirak eta inguruko jaietan parte hartuz, kantatzeko ohitura berreskuratzen ibili gara eta halaxe segitzea da gure nahia".

Kantu-jirekin eta astero entsegu saioekin, hala ekingo diote beste behin, ikasturteari. Ekimen batean zein bestean parte hartzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. "Entseguetan parte hartzea doakoa da. Usurbilgo Udalaren laguntza daukagu. Kantuan aritu nahi duen guztiak dauka Kantu Taldean parte hartzeko aukera. Entseguak asteartero izaten dira", berri eman dute.

Kantua, gure lehenengo komunikazioa”
Kantu Taldetik NOAUA!ra igorritako idatzian gaineratu dutenez, “Euskal Herrian abesteko ohitura handia izan da eta gure kantuetan era guztietako kantak aurkitu ditzakegu: maitasunezkoak, politikari edo heriotzari buruzkoak, gerra nahiz umorezkoak, bertso zaharrei eta ohiturei buruzkoak, sehaska kantak, eta abar. Euskal nortasuna eta kultura nola ulertu kanturik gabe! Euskal Herri txiki honetan, 350 abesbatza inguru badaude. Bada zerbait. Txiki txikitatik hasita, plazetan, tabernetan, familian, elizan, beti izan dugu kantatzeko ohitura. Sehaskatik (sabeletik) hasita kantatzen diegu gure seme-alabei. Kantua da gure lehenengo komunikazioa. Kultura transmisio hau aurrera ere halaxe izan dadin ahalegintzen ari da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea”.