DYAko egoitza berriaren inaugurazioa gaur 18:00etan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 27a, 00:00

Muna-Lurra 26 izango da aurrerantzean, Usurbilgo DYAk izango duen egoitza berria. Gaur inauguratuko dute arratsaldeko 18:00etan. Bertaratutakoei harrera egin, instalakuntzak ezagutu eta luntxa dastatzeko aukera egongo da.

Honez gain, DYAko lehendakari Jose Luis Artolak eta Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak hitzarmen berri bat sinatuko dute. 20 urterako, luzagarria beste 10 urtez. Hitzarmen honen baitan, Muna Lurrako egoitza berriaren erabilera doan lagatzea baimentzen du Udalak, "irabazi asmorik gabeko eta herri onurako elkartea dela frogaturik geratu delako". Udalak bere aldetik, pauso hau emateko udalbatzaren babes osoa du. Aho batez onartu baitzen lagapen hau, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran.

Honekin batera, eta leku aldaketaren ondorioz, orain arte udaletxe ondoan DYAk erabiltzen zuen "Mediku etxea" hutsik geratuko da. Eraikinari lotuta bi aldeek (DYAk eta Udalak) sinatua zuten hitzarmena etenda geratuko da. Egoera kaxkarrean egon eta DYAk laguntza zerbitzua eskaintzeko muga handiak zituen lokal hau Udalaren esku geratuko da berriz. 

GUNEA
Gune berria DYAk bakarrik ez, Muna Lurrako bizilagunek bilerak egiteko ere baliatu ahal izango dute. Eta odol emaileen elkarteak ere bertan izango du egoitza aurrerantzean. Gela edo areto desberdinetan banatua egongo da egoitza berria. 124 metro karratu erabilgarri guztira, modu honetan banatua:
-Harrera.
-Ikasgela/bilera gela.
-Sendatze gela.
-Komuna.
-Komuna (dutxa).
-Biltegia.
-Egongela.
-Logela.
-Barne bulegoa.
-Sukaldea.