11 urte espetxean igaro ostean, lehen gaua igaro du etxean Jokin Errastik. Goizean irten zen Zuerako (Zaragoza) kartzelatik. Senide eta lagunak zain zituen espetxe atarian, eta haiekin egin zuen Usurbilera itzultzeko bidea. Hemen, Herrirak elkarretaratze berezia deitua zuen arratsaldeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan. Ordu horretarako, jendez beteak ziren plaza inguruak. Plaza ondoko errotondara heldutakoan, txalo, ikurriña eta besarkada artean hartu zuten Errasti. Errotondatik frontoi atzerainoko bidea egin zuen aginagarrak. Bide horretan, aipaturikoa; agurrak, lagunak, irribarreak, malkoak... Emozioak pil-pilean. Bide amaieran, lagunek aurreskua dantzatuz eman zioten ongi etorria aginagarrari. Aske geratu zen herriko azken presoak, Marisa Alejandrok emandako txapela, Herriraren eskutik jasotako kamiseta urdina eta lore sorta oparitu zizkioten.
Gazi-gozoa
Herrirak deituriko elkarretaratze bereziko ekitaldian ere ongi etorria eman nahi izan zioten Errastiri, urte luzez etxetik urrun egon ostean. "Ongi etorri Jokin! Ongi etorri herrira! 11 urte igaro dituzu estatu espainoleko espetxeetan barreiatuta, Aranjuez, A Lama, Valdemoro eta Zuerako espetxeen krudelkeria gertutik bizi izan duzu. Herritik, lagunengandik eta senideengandik urrun, sakabanaketaren atzapar maltzurren artean pasa dituzu azken urteak", gogorarazi zuten atzoko elkarretaratzean.
Egin berri zioten harreraren emozioa jaso zuten Herrirako ordezkarien hitzek. Jokini zuzenduta, zioenez, "gaurko honetan ere, azken urteetan zehar bide lagun egin dituzun hainbat eta hainbat lagun agurtu dituzu. Irrifarre gozo batekin, baina zuen begirada malkotuak gazi-gozoz bete zaituzte".
Gazi-gozoa baitzen atzoko mobilizazioa. Gozoa Jokinen etorreragatik, gazia ordea herritik urrun jarraitzen duten preso eta iheslariengatik. "Ez dugu esango erraza denik, ez eta izango denik. Hemen bildu garen guztiok itsaso zabaleko olatua gara, eta zu Jokin, tantaz tanta osatutako itsasoko parte bilakatu zara. Itsasoak modu iraunkorrean, nekerik gabe, eskubidez berea dena berreskuratzen du. Egunero eguneroko lanak harkaitzik handiena ere pitzatzen du. Ez dugu antzematen gaur, ez eta bihar ere baina laster, giza eskubideen aldeko itsasoak gorrotoari eta itsukeriari aurre hartuko dio", adierazi zuten Herriratik.
Bat gutxiago
Aurrera begira ere jarri ziren: "Xabier, Xomorro, Ramon, Patxi Segurola, Olatz, Patxi eta gainontzeko preso eta iheslariak itsasoko tanta bilakatu behar ditugu. Horretarako guztion beharra dugu, guztion parte hartzea ezinbesteko zaigu eskubideen defentsan. Tantaz tanta osatzen baitoa itsasoa!".
Txalo artean, kalejiran Aitzaga aldera jo zuten bertaratu ziren herritarrek eta Jokinek berak. Herriko elkartean sartu eta preso dauden herritarren argazkien artean, berea kendu zuen. Errastik eskerrak eman nahi izan dizkie harrera egitera bertaraturiko guztiei. Luntx batekin borobildu dute bart, gazi-gozoa izan den ekitaldia. Errasti etxean baita berriz, baina bera aske utzi eta gutxira jakin da beste aginagar bat atxilotu dutela; Patxi Segurola.