Patxi Segurolak bizi duen egoera salatu dute Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 27a, 00:00

Madrilera eraman eta Auzitegi Nazionaletik pasa ostean, Soto del Realen espetxeratuko omen dute. Eta bertan egongo omen da, ahalik eta astelehenean epailearen aurrera deklaratzera eraman arte. Momentuz halere, senideek ez dute aginagarraren berririk, ez dakite non dagoen. Hauxe da, EH Bilduk gaur iluntzeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean, Patxi Segurolaren egoeraren inguruan eman duten azken ordua. "Konponbideari erasorik ez! Patxi askatu!" lemapean, gaur iluntzean burutu den mobilizazioan Patxi Segurolak bizi duen egoera salatu da, eta elkartasuna adierazi diete herritarrek bere senide eta lagunei. Bake itxaropena zapuztu nahi dutela adierazi dute, bai espainiar gobernuak, bai bide beretik, gobernu frantziarrak ere.

Gogoan izan, jendarmeek atzo atxilotu zuten Patxi Segurola bi urte eta erdiz Autunen konfinatua egon ostean, espainiar estatura estraditatua izateko. Egunotarako mobilizazio gehiago deitu dituzte eta hitzorduotan emango da, Segurolak bizi duen egoeraren inguruan sortuko diren albisteen berri. Biharko giza-katea deitua dago, eta datorren asterako beste bi hitzordu; herritarren agerraldia eta ezohiko osoko bilkura:

Irailak 28, larunbata
20:00 Giza-katea, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Irailak 30, astelehena
20:00 Herritarren agerraldia Mikel Laboa plazan.

Urriak 3, osteguna
18:00 Ezohiko osoko bilkura udaletxean: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu eta bozkatuko da.