Soto del Realera eraman dute Patxi Segurola, astelehenean deklaratuko du

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 28a, 00:00

Bart gauerdian eraman dute Soto del Realeko espetxera Patxi Segurola, epaitegitik pasa ostean. Espainiako Auzitegi Nazionalean hain zuzen, bere atxiloketaren zergatiaren berri jaso zuen Segurolak. Eta gero aipatu moduan, espetxeratu zuten aginagarra. Abokatuarekin eta senideekin hitz egiteko aukera izan du Patxik. Ondo dagoela adierazi du. Senideekin gainera, aldaketarik ez bada, bihar goizeko 10:00etan bildu liteke Segurola. Espetxean jarraituko du asteburuan, ahalik eta astelehenean deklaratzera eraman arte. Etzi, Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. epaitegiko epailearen aurrera eramango dute aginagarra.

Hauexek, ostegunean Autunen atxilotu zutenez geroztik Patxi Segurolak bizi duen egoeraren inguruan eman diren azken berriak, gaur iluntzean Mikel Laboa plazan burutu den mobilizazioan. Giza-katea egin da gertatzen ari dena salatu, eta Patxiren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko. Eskuz esku, Kaxkoko kaleak inguratu dituzte, "Konponbideari erasorik ez! Utzi Euskal Herria bakean. Patxi askatu!" lemapean hitzordura bertaratu diren Segurolaren senide, lagun eta herritarrek. Hasitako lekuan amaitu da giza-kate jendetsua, Mikel Laboa plazan, irrintzi eta txalo artean. Eta herritarrak, astelehenerako antolatua dagoen hurrengo hitzordura deitu dituzte. Momentuz, Patxi Segurolak astelehenean deklaratu eta gero gertatu daitekeenaren zain, hauek dira datorren asterako deituak dauden bi hitzorduak:

Irailak 30, astelehena
20:00 Herritarren agerraldia Mikel Laboa plazan.

Urriak 3, osteguna
18:00 Ezohiko osoko bilkura udaletxean: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu eta bozkatzea.