Gazte bat atxilotu dute asteburuan Zumartegin

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 30a, 00:00

Iruzur egitea, beste pertsona baten nortasuna usurpatzea eta dokumentu faltsutzea egozten diote, ostiralean Zumartegi industrialdean atxilotu zuten 24 urteko gazteari. Antza, atxilotuak beste pertsona baten nortasuna baliatu zuen ustez, zenbait telefono linea kontratatu eta zenbait mugikor eskuratzeko. Bere nortasuna baliatu zuen pertsona honek zenbait mezu jaso zituen, 24 orduko tartean mezularitza enpresa batean jaso ahal izango zituela aipatu telefono mugikor eta SIM txartelak. Kaltetuak hau guztia Ertzaintzan salatu zuen. Telefonia enpresarekin ere hartu emanetan jarri zen. Eta orduan esan zioten, bere izenean bost linea berri kontratatu zituela ustez atxilotua izan den gazteak eta horregatik bi telefono mugikor bidaliko zizkiotela. Lagun honek halako eskaerik egin zuenik ukatu zuen, eta orduan esan zioten, agian norbaitek bere nortasuna usurpatu zuela.

Bitartean, atxilotua izan den gazteak, ustez telefono mugikorrak bidaltzeaz arduratu behar zuen mezularitza enpresarekin harremanetan jarri zen. Salaketa aurkeztu duen lagunaren izenean egina zuen eskaera, telefono mugikorrak etxera ez bidaltzeko galdegin zuen, bera Zumartegiko mezularitza enpresara bertaratuko zela, eskaturikoa jasotzera. Enkargaturiko produktuak Zumartegi industrialdera jasotzera lagun bat hurbildu zela jakin zuen Ertzaintzak. Bere argazkia baina salaketa aurkeztu zuen pertsonaren izena baliatu zuela. Ertzainak Zumartegira gerturatu eta 24 urteko gaztea atxilotu zuten. Ostiralean atxilotu eta ordu batzuetara, epailearen aurrera eramatekoak ziren.