Horratx hilabeteetan eginiko auzolanaren erakusgarri, NOAUA!k larunbat goizean ateratako argazkia. Itxura berria du Aginagako Eliza Zaharrak. Ostegunean hasiko diren San Praixkuetarako egokitua dago jada. 20 bat lagun aritu dira, eraikina berritzen eta jatorriko egitura berreskuratzen. Larunbatean inauguratu zuten gunea, herri bazkari batekin. Auzolanean aritu direnek herritarrei gonbita egina diete; "etorri eta ikusi nola geratu den". Abiatzear diren San Praixkuetan izango da horretarako astia. Halere, jaietarako bakarrik ez, Aginagako Eliza Zaharra, urtean zehar beste hainbat ekimenetarako ere baliatu nahi dute. Auzolanean aritu direnek aurrera begira ere, lan gehiago burutzea ez dute baztertzen; Elizako abesbatza berreskuratu edota gunera iristeko bidea eta ataria egokitzea esaterako. Horiek halere aurreragorako lanak. Momentuz, San Praixkuetarako egokituko dute egunotan, Eliza zahar berritua.