Elkartasuna adierazi zaio Patxi Segurolari, Autunetik eta Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 30a, 00:00

Azken egunotan bezala, gaur ere, Soto del Realen espetxeratu dutela jakin eta ordu gutxira Mikel Laboa plazan burutu den elkarretaratzean, Patxi Segurolak bizi duen egoera salatu dute herritarrek, baita elkartasuna adierazi ere aginagarrari eta bere ingurukoei. Jakinaraztekoak dira Segurolaren helbidea. Honez gain, azken bi urte eta erdiotan aginagarra konfinatuta izan duten Autunetik hainbat elkartasun dei jaso dira azken orduotan, gaur iluntzeko elkarretaratzean azaldu dutenez. Deitu dutenak, espetxeratu duten herritarra zer moduz dagoen, zer egoeratan dagoen jakin nahian kezkatuta dauden Patxiren Autuneko lagunak ziren.

Goizean eraman dute Patxi Segurola asteburua Soto del Realen pasa ostean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. sekzioko epailearen aurrera. "Ihes egiteko arriskua" egon daitekeelakoan, epaileak aginagarra espetxeratzeko agindua eman du. Oraingoz, Usurbildarrak aurrera blogetik berri eman dutenez, Soto del Realen dago Segurola. 

Espetxean, ostiral gauerditik
Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasa eta bere atxiloketaren zergatien berri jaso ostean, ostiral gauerditik Soto del Realen dago Patxi Segurola. Aginagarra ondo dagoela adierazi dute senideek, nahiz gutxi jaten ari dela aipatu duten. Familiak hain zuzen, 40 minutuz egoteko aukera izan zuen Patxirekin, atzo 14:30etan. 

Segurola ostegunean atxilotu zutenetik, mobilizazioak burutu dira iluntzero. Ostegunean eta ostiralean elkarretaratze bana, eta larunbatean, Kaxkoko kaleak lotu zituen giza-kate jendetsua burutu zen. Gaur ere elkarretaratzea egin da. Eta ostegunerako, urriaren 3rako ezohiko osoko bilkura deitu da udaletxean. EH Bildu koalizioak aurkezturiko mozioa eztabaidatu eta bozkatuko da: 

Urriak 3, osteguna
18:00 Ezohiko osoko bilkura udaletxean: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu eta bozkatzea.