Patxi Segurolaren espetxeratzea salatu eta aginagarrari elkartasuna adierazi zaion moduan, beste hainbeste egin da gaur iluntzean Mikel Laboan plazan deitu den elkarretaratzean, goizean Herriraren aurka egin den operazio polizialarekin ere. Atxilotu dituzten 18 lagunak aske uztea eskatu dute usurbildarrek, guztiei elkartasuna adieraztearekin batera. Astelehen honetan eginiko polizia operazioa Euskal Herri osoaren aurkako polizia operazioa, Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen eta bakearen aurkako polizia operazioa izan dela adierazi da gaur iluntzeko hitzorduan. Elkarretaratzearen ostean, Kaxkoko kaleak zeharkatu dituen manifestazioa egin da, "Konponbideari erasorik ez! Utzi Euskal Herria bakean" lemapean.
Gaurko gertakarien aurrean, "erantzun zabal eta irmoa" ematera deitu dituzte herritarrak. Bi gonbita luzatu zaizkie usurbildarrei; batetik, etxeko balkoi, leiho eta kaleetan presoen eskubideen aldeko banderolak jartzea. Eta bigarrenik, egunotan deituko diren mobilizazio eta ekimenetan masiboki parte hartzeko deia luzatzen zaie. Momentuz, hauek dira deituak dauden lehen hitzorduak;
Urriak 1, asteartea
17:30-18:00 Hurrengo egunetako mobilizazioak antolatzeko bilkura Aitzaga aurrean.
Urriak 2, asteazkena
19:00 Batzar irekia frontoian, hurrengo egunetan egingo diren ekimenak iragartzeko.
18 atxilotu, egoitza itxierak...
Hernani, Iruñea, Gasteiz eta Bilboko egoitzetan sartu da Guardia Zibila. Egoitzak eta sare sozialetako hainbat helbide itxi, eta kontu korronteak blokeatzea agindu du Eloy Velasco epaileak. Operazio polizial honetan 18 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak. Haietatik 10, Herrirak Hernaniko erdigunean duen egoitzan. Hauek dira atxilotu dituzten euskal herritarrak: Jexux Mari Aldunberri, Jon Garai, Jose Antonio Fernandez, Nagore Garcia, Sergio Labaien, Manu Ugartemendia, Eneko Villegas, Roberto Noval, Ibon Meñika eta Oscar Sanchez Hernanin. Horiez gain, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Fran Balda, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia eta Gorka Gonzalez atzeman dituzte.