14.760 euro, euskara ikasten laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 1a, 00:00

Euskara ikastera eta ahotan hartzera, euskara erabiltzera animatzen dute EH Bildu koaliziotik, Etumeta-AEK euskaltegiak ikasturte berria estreinatuko duen astearte honi begira. "Denon ardura da herri euskaldun bat izaten jarraitzea. Maialen Lujanbiok esan zuen moduan, herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz!", adierazi dute koaliziotik.

Euskara ikastea sustatzeko, diru-laguntzak eman ohi ditu urtero Usurbilgo Udalak. Aurten eskabideak aurkezteko uztailean ireki zuen epean, 39 ikasle aurkeztu ziren deialdira. Eskaerok tramitazio prozesua pasa ostean, irailaren 13ko Tokiko Gobernu Batzordean, 14.760 euro banatzea onartu zen. Gogoan izan aurten, euskarako udal diru-laguntza deialdiko oinarrietan berrikuntzak txertatu dituztela. Laguntzok banatzerakoan, 2013 honetan, ikasleen lan egoera eta ikasketa mailak hartu baitira kontuan. Ikasketa mailaren arabera, matrikula kostuaren %60-%80 artean itzuli zaie ikasleei. Langabetuen kasuan, %100 arteko laguntza ere jaso zezaketen, hor ere ikasketa mailaren arabera. Eta ikasle guztiei, laguntza jaso ahal izateko, Usurbilen erroldatua egon eta klaseen %80ko asistentzia izatea eskatzen zitzaien. Aipatzekoa Udaletik argitara eman duten datu bat; diru-laguntza eskaera hau egin duten ikasleen erdia baino gehiago, %54, langabetuak dira. 

Euskara ikasteko laguntzak aspaldidanik banatzen ditu Usurbilgo Udalak. Inguruetako beste hainbat udalerrik baino laguntza gehiago. Aurrerantzean ere, apustu hau egitearen aldeko asmoa du EH Bildu koalizioak. "Garrantzitsua da Usurbil bezalako herri euskaldun batean herritarrek euskara ikasteko erraztasunak eta baliabideak eskura izatea", berri eman dute. 

Beste 1.000 euro, aisialdirako
Euskara ikasten ari direnez gain, aurreko ikasturtean aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroa egin zutenentzako ere diru-laguntzak banatu ditu Usurbilgo Udalak. 1.000 euro guztira, Usurbilen erroldatuak egon, ikastaroa euskaraz egin eta eskabidea aurkeztu zuten 7 ikasleren artean. Ikastaroaren kostuaren %31n lagundu die Udalak.