Presoen eskubideen aldeko mezua zabaltzeko deia

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 1a, 00:00

Datozen orduotan hasiko dira deklaratzen Herriraren aurka atzo izandako polizia operazioan atxiloturiko 18 lagunak eta ostegunean eramango dituzte epailearen aurrera. Hala zabaldu da hedabideetan eta hala berri eman dute baita, atzoko sarekada salatzeko gaur iluntzean Mikel Laboa plazan burutu den elkarretaratzean. Patxi Segurolaren atxiloketa eta espetxeratzea dela, edota orain Herriraren aurkako polizia operazioa, usurbildarrak azken egunotan bezala, gaur ere frontoi atzean bildu dira, gertaerok salatu eta elkartasuna adierazteko, "Tantaz tanta, euskal presoen eskubideen alde" lemapean. Herrirari buruz egin diren hainbat adierazpen astakeriatzat jo dituzte eta salatu nahi izan dute bart Hernanin, Amaiurko senatari Amalur Mendizabalek jasandako eraso bidegabea. Patxi Segurolaren espetxeratzearen inguruan, aginagarrari idaztera animatu dituzte herritarrak. Hona hemen helbidea:

Patxi Segurola Maioz

Centro Penitenciario Madrid-Mód. 15
Ctra. Comarcal 611, km. 37,6
28791 Soto del Real

Presoen eskubideen aldeko banderolak jartzeko deia
Datozen egunotan Usurbilen antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu dute gaur ere. Hurrengo hitzordua bihar 19:00etan frontoian. Batzar irekia egingo da eta bertan iragarriko dira datozen hurrengo deialdiak. Tartean, ostiral arratsalde iluntze partean eta larunbat goizean frontoian egingo diren ekimenak. Gaur bestalde, gogoan izan, larunbaterako manifestazioa deitu dutela Bilbon. 17:30etan abiatuko da Kasillatik.

Azkenik, presoen eskubideen aldeko mezua lau haizeetara zabaltzeko eskaera egin zaie herritarrei. Horregatik, etxeko balkoi eta leihoetan banderolak edota kartelak jartzeko gonbita luzatu dute. Beste hainbeste kalean ere. 

Hona hemen, datozen egunotarako iragarri diren hitzorduak:

Urriak 2, asteazkena
19:00 Herri batzarra frontoian: hurrengo egunetan egingo diren ekimenen berri emango da.

Urriak 3, osteguna
18:00 
Ezohiko osoko bilkura: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute.

Urriak 4, ostirala 
Arratsalde eta iluntze partean, 
herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.

Urriak 5, larunbata
Goizean, 
herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.
17:30 Manifestazio nazionala Bilbon, Kasillatik abiatuta. Autobusa antolatu da Usurbilen. 15:30etan abiatuko da Bordatxo ondoko errotondatik. Izen ematea ohiko lekuetan.