"Euskal Herria osoaren aurkako operazio bat da hau"

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 1a, 00:00

Zioten bart Mikel Laboa plazan burutu zen elkarretaratzean irakurri zuten adierazpenean. Konponbide eta bakearen aurkakoa dela eta polizia operazio honen aurrean, herri bezala erantzun zabal eta irmoa eman beharra dagoela gaineratzen zuten. Horregatik, egunotan, burutzen ari diren mobilizazioetan bi gonbita nagusi luzatzen ari dira; batetik, "deituko diren mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzeko deia". Eta bigarrenik, "presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, bete ditzagun Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak “Euskal preso eta iheslariak etxera” lelodun kartel eta banderolekin".

Deklaratzear eta epailearen aurrera eramatear diren atzo atxiloturiko 18 lagunei "gure besarkadarik estuena eta elkartasun osoa" adierazi zaie Usurbildik. Eta atzoko operazio poliziala ozen salatu dute; "presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du estatu espainiarrak".

Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea blokeatu eta zapuzteko presoen auzia baliatzen ari direla salatzen dute. Hauxe atzo Mikel Laboa plazan irakurri zen adierazpena, bere osotasunean:

KONPONBIDEARI ERASORIK EZ!
Utzi bakean Euskal Herria!
Gaur Euskal Presoen eskubideen alde jarduten duen Herrira mugimenduaren aurka burutzen ari den polizi operazioaren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

-Lehenik eta behin, gure besarkadarik estuena eta elkartasun osoa atxiloturiko 18 lagunei.

-Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du estatu espainiarrak.

-Presoen auzia erabiltzen du estatu espainolak konponbide prozesua blokeatu eta zapuzteko. Bakearen aurka erabiltzen du estatu espainiarrak euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala. Bereziki larria da preso politikoei bizi arteko zigorra “de facto” ezartzeko neurriak indarrean jarri izana: 197/2006 sententzia, kondena luzeak beteta ere zigorra luzatzen duen dotrina gisa ezagutzen dena; erredentzioak indargabetzea; zigorraren 3/4 beteta ere askatasun kondizionala ukatzea; eta kondena maximoa 40 urtera luzatzea edo Frantziako espetxeetan urte mugarik gabeko kondenekin zigortzea. Tratu krudela areagotuz joan da, isolamendu eta bakartzea hedatuz eta normalizatuz, dispertsio politikan sakonduz etengabeko traslado arbitrarioen bitartez, besteak beste.

-Espetxe politika krudel honen aurrean, presoen eskubideen inguruko adostasun handia dago euskal gizartean. Eskubide guztiekin Euskal Presoak Euskal Herrian batzea; Kondena bete dutenak, 3/4 bete dituztenak eta gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea; eta isolamendu eta bakartzearekin bukatzea. Aldarrikapen guzti hauek euskal jendartearen artean oso zabalduta daude eta gehiengo zabal batek bereak egin ditu. Herrira-k eskubide guzti hauen aldeko lana egin du, herriz herri, aldarrikapen hauen defentsan kolore guztietako herritarrak bilduz.

-Beraz, Euskal Herria osoaren aurkako operazio bat da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa. Eta gaur pairatzen ari garen polizi operazio honek herri bezalako erantzun zabal bezain irmo bat behar du.

Horrela bada, bi dei nagusi luzatu nahi ditugu gaurkoan:
-Batetik, deituko diren mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzeko deia luzatzen dugu. Jendartearen gehiengo zabalak adierazi behar dio estatu espainiarrari ez dugula horrelako operaziorik nahi, horrelako operazioak denon aurkako eraso bat direla. Herri honek konponbidea behar duela, herri honek konponbidea nahi duela, eta estatu espainiarrak horrelako operazioekin amaitu behar du betirako.

-Bestetik, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, bete ditzagun Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak “Euskal preso eta iheslariak etxera” lelodun kartel eta banderolekin.

Tantaz tanta, euskal presoen eskubideen aldeko itsasoa osatu dezagun.