Deitzaileen zerrenda luzea da. Besteak beste; Aralar, EA, Alternatiba, Sortu eta Ezker Batua alderdi politikoen artean; ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE, CGT, ESK eta HIRU sindikatuak; Ernai, Etxerat, Eskubideak, ESAIT, EHE, Gorripide, Ikasle Abertzaleak, EPPK bitartekaritza, Askapena, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Sare Antifaxista edota TAT beste hainbat eragileren artean.
Autobuserako izen ematea, ohiko lekuetan
Hauek eta gehiago dira, Herriraren aurkako sarekada salatzeko larunbatean Bilbon manifestazio nazionala deitu duten eragileak. Hitzordua, Bizkaiko hiriburuan finkatu dute, Kasillan, lau egun barru, arratsaldeko 17:30etan. Hara joateko Usurbildik autobusa antolatu da. Bordatxo ondoko errotondatik irtengo da, larunbatean 15:30etan. Autobusean izen emateko aukera dago jada, ohiko lekuetan.
Bilbon bertan gaur iragarri dute urriaren 5eko mobilizazioa, prentsaurreko jendetsu baten bidez. Manifestazioaren helburua, "presoen eskubideen aldeko marea sortzea da; gatazkaren konponbidearen aldeko marea". Atxilotuei elkartasuna adierazi, eta guztiak aske uztea ere eskatuko da larunbatean, Bilboko kaleetan. "Gure helburua da Espainiako Estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuei, berehala libre utz ditzatela exijituz", esan dute.