Herriraren aurkako sarekadan atxiloturiko 18 lagunak deklaratzera deitzen ari da Guardia Zibila. Tres Cantoseko kuartelean daude, onik eta konfiantzazko abokatuekin hedabideak berri ematen ari direnez. Orain arte 9 atxilotu galdekatu dituzte, eta guztiek deklaratzeari uko egin diote. Gainerako 9 lagunak deklaratzera deitu ditzakete datozen orduotan. Atxilotu guztiak komunikazio egoeran daude eta bihar eraman ditzakete epailearen aurrera. Datozen orduotan bestalde, Herriraren aurkako sarekadako sumarioaren berri izango dute abokatuek, zenbait hedabideren arabera.
Bitartean, kalean mobilizazioak burutzen ari dira Herriraren aurkako polizia operazioa salatu eta atxilotuei elkartasuna adierazteko. Usurbilen, gaur 19:00etan batzar irekia deitu dute frontoian. Datozen egunotarako antolatu diren ekimenen berri emango da bertan. Herritarrei hitzordura gerturatzeko gonbita luzatu zaie. Bigarren deialdi bat ere bai; etxeko balkoi eta leihoetan, baita kalean ere, presoen eskubideen aldeko banderola edota kartelak jartzeko gonbita. Eskubideon aldeko mezua zabaltzeko.
Eta azkenik, gogoratu, larunbaterako manifestazio nazionala deitu dutela Bilbon. 17:30etan abiatuko da Kasillatik. Hara joateko autobusa antolatu da Usurbilen. 15:30etan irtengo da Bordatxo ondoko errotondatik. Autobuserako izen ematea, ohiko lekuetan.
Hona hemen, datozen egunotarako iragarri diren hitzorduak:
Urriak 2, asteazkena
19:00 Herri batzarra frontoian: hurrengo egunetan egingo diren ekimenen berri emango da.
Urriak 3, osteguna
18:00 Ezohiko osoko bilkura: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute.
Urriak 4, ostirala
12:00 Euskal gehiengo sindikalak deituriko ordu erdiko lan uztearekin bat eginez, elkarretaratzea udaletxe aurrean.
Arratsalde eta iluntze partean, herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.
Urriak 5, larunbata
Goizean, herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.
17:30 Manifestazio nazionala Bilbon, Kasillatik abiatuta. Autobusa antolatu da Usurbilen. 15:30etan abiatuko da Bordatxo ondoko errotondatik. Izen ematea ohiko lekuetan.