Uda aurretik osatua geratu zen Hezkuntza Mahaia lanean da ikasturte berriarekin batera. Ikasturte hasiera da hain zuzen, lanketarako hautatu duten lehen gaia; "ikasturte berriarekin batera ikasleek bizitzen dituzten aldaketak". Eraikin, etapa, maila edo bestelako aldaketak hain zuzen. Gaia familiekin jorratu asmo du Hezkuntza Mahaiak. Eta horretarako, galdetegi bat bidaliko zaio sendi bakoitzari. Helburua, gai honen inguruan guraso eta ikasleek dituzten bizipen eta iritziak jasotzea da.
Irailaren 25ean bildu ziren Hezkuntza Mahaiko ordezkariak Potxoenean. Urriaren 12an, Bilbon LOMCEren aurka deitua dagoen manifestazioarekin bat egin dute. Usurbildik Bizkaiko hiriburua joateko autobusa antolatuko dute. Urriaren 9a baino lehen eman beharko da izena, Udarregi Ikastolan, Aginaga eta Zubietako Herri Ikastetxeetan, eta Bordatxo tabernan. Autobuseko prezioa, egunean bertan zehaztuko dute. LOMCEren aurkako manifestazioa 17:30etan abiatuko da Bilboko Jesusen Bihotzetik, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE-ri ez!” lemapean. Eragileok deitu dute aipatu mobilizazioa: Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, Bihe, Sarean, Ikasle Abertzaleak, Nize, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU, Hik Hasi, CCOO eta Kontseiluak.