Ordu erdiko lan uztea deitu dute ostiral eguerdirako, elkarretaratzea udaletxean

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 2a, 00:00

Euskal gehiengo sindikalak ordu erdiko lan uzteak deitu ditu ostiralerako, urriaren 4rako, Hego Euskal Herriko lantokietan. Herrira mugimenduaren aurka astelehenean eginiko polizia operazio bidegabea salatu nahi da ekimen honen bidez. Ordu erdiko lan uzteak, ostiral eguerdirako deitu dituzte; 12:00etatik 12:30etara. "Deialdi berezia egiten dugu lan mundutik erantzutera", adierazi dute gaur Bilbon, Bertan iragarri dute ekimena, lan uzteok deitu dituzten sindikatuek: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru, EHNE, CGT eta CNT-k hain zuzen. Bide batez, larunbaterako Bilbon bertan deitua dagoen manifestazio nazionalarekin bat egin dute. 

Usurbilgo udaletxe aurrean, ordu erdiko elkarretaratzea deitu dute ostiralerako 12:00etan; lan uzteak iraungo duen denbora tarte horretan.

Herriraren aurkako operazioaren balorazioa
"Erabat arbuiatzen dugu ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa. Izan ere, erabaki honek eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen baititu", adierazi dute sindikatuetako ordezkariek.

Bidegatzat jo dute aste hasieran gertaturikoa eta "erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, ezer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu", adierazi dute. 

Operazio polizial honen aurka, "sinetsita gaude erantzun zabal eta irmoa bultzatu behar dugula". Eta horren harira, ostiral eguerdirako deitu duten ordu erdiko lan uztea.