Gaur helduko dira Iparraldeko bisitariak Aginagara

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Bisitari talde berezia izango dute gaur hasiko diren Aginagako San Praixkuek. Jai Batzordeak gonbidatuta, Iparraldeko laukote bat dator asteburu pasa Aginagako paisaiak, nortasuna, ohiturak, jaiak, eta protagonistak, aginagarrak erretratatzera. Eurak lantzen ari diren proiektu baten baitan datoz, eta jaietan erabat murgilduko dira. Aginagarrekin elkarbizitzen egongo dira hiru egunez; bertan jan, lo eta biziko dira gaurtik igandera.

“Euskal Herriak, edo hobeki erran euskal herriek eta herrialdeek badute berez izen eta izana. Bakoitzari zerk ematen dio nortasun berezia? Errekako urak, duda gabe, baina gehiago bizizaleek, jende hauen eleek, mintzajeak, euskalkiak… Urriaren 3tik herrian (Aginagan) ibiliko dira lau lagunak, aginagarren euskara behatzen, jendearekin kalakan, argazkiak hartzen: Gamarteko akordeonista, Gotaintar soinularia, Montoriko soinu hartzailea eta Barkoxtar argazkilaria”, iragarri dute. Baina laukote hau izen abizenekin nortzuk osatzen dute? Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Pierre Vissler eta Joanes Etxebarria dira Aginagak datozen San Praixkuetan izango dituen bisitari bereziak.

Emanaldia larunbatean 20:00etan
San Praixkuetako lehen egunetako ekitaldietan parte hartuko dute. Gaur helduko dira Aginagara. Errioan bueltatxo bat egin asmo dute, Aginaga kaxko paretik Saria pareraino. Bihar, San Praixku eguneko ekitaldietan parte hartuko dute; ospakizunetako irudiak grabatzen, argazkiak ateratzen, edota aginagarren lekukotzak biltzen. Ostiral honetarako hain zuzen, bestelako hitzorduen artean, aginagarren argazki erraldoi bat atera asmo dute.

Oilasko biltzaileak irtengo diren egunean ere, larunbat goizean, bertan izango dira Iparraldekoak. Horregatik, Jai Batzordetik, adin, belaunaldi desberdinetako aginagarrak oilasko biltzera animatzen dituzte. Edo arratsalde berean ospatuko diren estropadetara. Handik bueltan, 20:00etan ludotekan, lantzen ari diren proiektuko aurrerapentxo bat eskainiko dute lau lagunok. “Emanaldian beren kantuak musikak eskainiko dituzte, bai eta Arnegin bildutako jendeen ahotsak, soinuak, argazkiak ere bai”, iragarri dute antolatzaileek. Hain zuzen, Aginagara heldu aurretik, Arnegin eta Pagolan, Ipar Euskal Herriko bi txoko hauetan egon dira grabaketa saioak egiten. Aginaga izango dute euren hirugarren jomuga. Gerora, leku guztiotan eginiko lanaren emaitza sarean zintzilikatzeko asmoa dute.

Iparraldeko lagunon Aginagako egonaldia, etzi ludotekan eskainiko duten emanaldi ostean, frontoian ospatuko den herri afarian borobilduko dute. Aginagarren artean.