Zuhaitz Gurrutxaga bakarrizketan gaur, Aginagako ludotekan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Umoretik abiatuko dira gaur, aurtengo Aginagako San Praixkuak. Futbol kontuak alboratu eta komunikazio munduan murgildua dagoen arren, bere kirol ibilbidea ardatz duen emanaldia eskainiko du Zuhaitz Gurrutxagak, ostegun honetan, urriaren 3an, gaueko 22:00etan hasita Aginagako ludotekan. "Futbolisto baten konfidentziak" izeneko bakarrizketa saioa eskainiko du, denboraldi berri honetan, ETB 1 telebista kateko "Tumatxak" edo "Hizkamizka" saioetako aurkezleak. Kirolari bezala Gurrutxagak jorratu duen ibilbidean izandako esperientziak azalduko ditu umoretik; futbol zelai barruan eta handik kanpo bizitakoak. Golak, kanporaketak, entrenatzaileak, lagunak, bidaiak, garaipenak, porrotak, maitasun istorioak… Egia guztia kontatzera dator Aginagako ludotekara, gaur gaueko 22:00etan.