San Praixkuen hasiera gaur, izerdi patsetan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Heldu dira beste behin, inguruotako jaien erronda agurtu aurretik ospatu ohi diren Aginagako San Praixkuak. Gaur 18:00etan jaurtiko dute, urriaren 12ra arte luzatuko diren festak hasteko txupinazoa. Sargori dugula hasiko dira jaiak Aginagan. Izerdi patsetan, ez bakarrik giroagatik; San Praixkuetako lehen egun honetan ospatuko direlako, pala txapelketako finalak. 

Lehenbizi gurpildun aulkidunean dauden pala jokalarien arteko saioa jokatuko da. Hirugarren ediziora heldu den emakumezkoen pala txapelketako finala jarraian. Eta amaitzeko, gizonezkoen txanda. Hamaikagarren edizio amaierara heldu dira bikoteok, euretako bat izango da aurtengo garailea; Josu Arruti-Xabier Errasti edo Igor Alkorta-Josu Errekondo. Neurketok, Ariztitxo pilotalekuan jokatuko dira, 18:30etatik aurrera. Afalaurretik beraz, pala txapeldun berriak nortzuk diren jakiteko modua izango da. Eta afalostean, San Praixku Egunaren bezpera borobiltzeko, Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa Aginagako ludotekan.

Bihar, San Praixku Eguna
Hau guztia, aipatu moduan, Aginagako jaiak hasteko eta biharko San Praixku Egun handiaren bezperan. Jaiak iraun artean, Aginagako banderola urdiñak etxeko balkoi eta leihoetan jartzeko gonbita zabaldu dute aginagarrek. Eta zer izango den aurtengo San Praixkuetan? Hemen egitarau osoa: 

Urriak 3, osteguna
18:00
 Txupinazoa buruhandi eta trikitilariekin.
18:30 Ezinduen pala partida.
19:00 III. Emakumezkoen Pala Txapelketako finala eta XI. Gizonezkoen Pala Txapelketako finala.
22:00 Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa ludotekan.

Urriak 4, ostirala: San Praixku Eguna
11:00
 Meza Nagusia bertsolariekin.
Ondoren, jubilatuen hamaiketako bikaina, Aginaga sagardotegiaren eskutik.
17:30 Herritarren arteko herri kirolak, Manuel Mariren kontakizun eta txisteekin.
19:00 Sardina eta sagardo banaketa. Tarte horretan herri argazki handi bat atera nahi da, ez geratu inor etxean.
Bitartean, XXXI. Topa Txapelketa herrikoia.
21:00 Eskupilota partidak eta XI. Eskupilota Txapelketako finala.
Ondoren, kontzertuak Eliza Zaharrean, Hotzikara eta Odolaren Mintzoa taldeen eskutik.

Urriak 5, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00
 Oilasko biltzaileen irteera bazterrak alaitzera. Zahar, heldu eta gazte ondo gosalduta eta txukun-txukun… Animatu aurten aldaketak daude eta!
16:00 Estropadak, VII. Gizonezkoen Aginagako Trainerila Txapelketa.
Ondoren, Zumartxan txarangarekin kalejira erriotik frontoira. 
20:00 Iparraldeko lagunek egindako lanaren erakusketa.
21:30 Herri afaria, Iparraldeko lagunek alaitua.
00:00 Dantzaldia, Ingo al deu taldearen eskutik. 
Eta hortik aurrera, gorputzak eman dezakeena!

Urriak 6, igandea
09:00
 Tiro platoa.
18:00 Herri kirolak, aizkolari profesionalak (Larretxea, Txapartegi eta Olasagasti) eta herritar batzuk. 
Ondoren, I.Tortilla Patata txapelketa eta pintxo potea frontoian.
Bitartean, buruhandiak eta trikitilariak giroa alaituko digute. Aire airee!!!

Urriak 11, ostirala: Umeen Eguna
10:00
 Umeen jolasak.
13:00 Haurrentzako bazkari goxo-goxoa indarberritzeko.
17:00 Puzgarriak.
Ondoren, primerako txokolatada eta buruhandi bizi-biziak. Hasi korrika!!!
19:00 Dj Kankar ume eta ez hain umeak dantzan jartzeko.
21:00 Bertso afaria Eliza Zaharrean, barre pixka bat egiteko aukera giro ederrean. Bertsolariak: Manex Mujika, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”. 
Ondoren, dantzaldia Itzartu taldearekin Eliza Zaharrean.

Urriak 12, larunbata
16:00
 XXXIII. Mus Txapelketa herrikoia. 
18:30 Gorritiren animaliak, ea aurtengoan ere giro polita sortzen dugun.
Gauerdian, Abiba diskofesta.
Ondoren, Dj Larra Eliza Zaharrean.
Aukera bikaina gau guztia dantzan igarotzeko!!!

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.