18 atxilotuetatik, 14 aske eta beste lauri fiantza jarri diete

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Astelehenean atxiloturiko 18 lagunetik 10 aske utzi berri dituzte: Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Oscar Sanchez, Fran Balda, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas, Ibon Meñika, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez eta Joxe Antonio Fernandez. Nagore Garciari, Jon Garairi, Manu Ugartemendiari eta Jexux Mari Aldunberriri 20.000 euroko fiantzapean aske geratuko dira.

Hauxe azken ordua Madriletik. Bitartean, azken polizia operazioa salatu eta atxilotuak aske uztea eskatzeko mobilizazioak nonahi eta noiznahi Euskal Herri osoan egunotan. Usurbilen baita. Gaur aipatu moduan, bi ezohiko osoko bilkura deitu dira; Herriraren aurkako polizia operazioaren eta Patxi Segurola herritarraren estradizio eta espetxeratzearen harira. Gaiokin mozio bana aurkeztuko du EH Bilduk, udalbatzak aztertu eta bozka ditzan.


LAN UZTEA OSTIRALEAN, 12:00-12:30 ARTEAN
Euskal gehiengo sindikalak ordu erdiko lan uztea deitu du ostiral eguerdi honetarako, Hego Euskal Herriko lantokietan. Horren harira, elkarretaratzea deitu da biharko 12:00etan udaletxe aurrean. Lan uzteok deitu dituzten sindikatuak honako hauek dira: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru, EHNE, CGT eta CNT. Bide batez, larunbaterako Bilbon deitua dagoen manifestazio nazionalarekin bat egin dute sindikatuok. 

Baita politika, kultura edota kirol munduko hainbat aurpegi ezagunek ere. Herrirak hasitako lanari jarraipena ematea eskatu zuten atzo Donostiako Bulebarrean. Eta ostiralerako Irekialdia izeneko ekimena iragarri zuten. Herriz herriz hainbat ekimen burutuko dira. Baita Usurbilen ere. Herri eragileek hainbat ekimen burutuko dituzte frontoian, ostiral arratsalde eta iluntzean. Baita larunbat goizean ere. Aipatu moduan gero, larunbat arratsalderako, Bilbon manifestazio nazionala deitua dago. 17:30etan abiatuko da Kasillatik. Bizkaiko hiriburura joateko autobusa antolatu da Usurbilen. Izen emateko orriak jarrita daude ohiko tokietan. 

Ordu eta guzti, hauek beraz, egunotarako deituak dauden ekimenak:


Urriak 3, osteguna
18:00 
Ezohiko osoko bilkura: Patxi Segurolaren estradizioaren harira, EH Bilduk aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko da.
18:20 Ezohiko eta premiazko osoko bilkura: Herriraren aurkako polizia operazioaren harira, EH Bilduk aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko da.

Urriak 4, ostirala 
12:00
 Euskal gehiengo sindikalak deituriko ordu erdiko lan uztearekin bat eginez, elkarretaratzea udaletxe aurrean. 
Arratsalde eta iluntze partean, herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.

Urriak 5, larunbata
Goizean, 
herritarren eta eragileen ekimenak frontoian.
17:30 Manifestazio nazionala Bilbon, Kasillatik abiatuta. Autobusa antolatu da Usurbilen. 15:30etan abiatuko da Bordatxo ondoko errotondatik. Izen ematea ohiko lekuetan.