Herriraren aurka astelehenean burutu zuten polizia operazioaren harira, mozioa aurkeztuko du EH Bilduk, gaur arratsaldeko 18:20rako deitu duten premiazko eta ezohiko osoko bilkuran. Ostegun honetarako deitu duten bigarren ezohiko osoko bilkura da. Lehenengoa, arratsaldeko 18:00etarako baitago finkatua eta bertan, Patxi Segurolaren estradizioaren inguruko mozioa aztertu eta bozkatuko du udalbatzak.
Azken egunotako gertakariek bultzatuta deitu da bigarren ezohiko osoko bilkura. 18:00etakoa, Herriraren aurkako polizia operazioa gertatu baino egun batzuk lehenago deitu zuten. Eta aipatu moduan, bigarren ezohiko osoko bilkura azken orduan deitu behar izan dute. Hau dela eta, gaurko iragarria dagoen bigarren saio hau burutzeko lehenbizi, "bilkuraren premiazkotasuna" berretsi beharko dute udal ordezkariek. Eta jarraian, EH Bilduk Herriraren aurkako polizia operazioaren harira aurkeztu duen mozioa aztertu eta bozkatuko dute.