Hotzikara taldea: "Aginagakoa ederra izango da 'gero arte' esateko"

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Ostiral honetan Hotzikarak, Odolaren Mintzoak eta Kroaziako bi taldek joko dute Aginagako San Praixku jaietan. Emanaldi berezia izango da Hotzikarakoentzat. Disko berria plazaratu arte ez baitira zuzenekoetara itzuliko. Hitz hauekin azaldu dizkigute kontzertu bezperan dituzten sentipenak.

Emanaldi berezia izango da San Praixkuetakoa. Lehen diskoaren bueltan eskainiko duzuen azkena. Bolada batean zuek ikusteko azken aukera  izango da beraz, ezta?
Bai, ziklo baten amaiera iritsi dela eta, Aginaga bezalako toki bat ederra izango da "gero arte" esateko.
Kontzertuak alde batera uztea erabaki dugu, azken batean, hauek prestatzeko denborak sormenerakoa murrizten digulako eta astean bi ensaio egiteko aukera bakarrik dugun hontan, denborak urrea balio du!

Disko berri bat grabatzeko kantuak badituzue. Noiz grabatuko dituzue, non eta noiz argitaratuko duzue lan berria?
Kantu sorta bat badugu bai, baina oraindik guztiz finkatzea falta zaigu eta gehiago sortzea gustatuko litzaiguke. Nahi baino motelagoa izaten ari da sormen lana, uste baino kontzertu gehiago izan baititugu azkenaldian. Kanten eraikuntzan denok parte hartzen saiatzen gara eta   honek noski, liskar txikiak dakartza eta prozesuaren moteltzea. Beraz, orain burubelarri sormen lanetan aritzea erabaki dugu.
Oraindik ez dugu finkatu datarik, ez eta tokirik ere. Orain garrantzizkoa dena musika bera da, eta laurok beteta gelditzen garenean hasiko gara epeak jartzen. Ea lagunen presioari eusteko gai garen! :D

Lehen diskoarekin hainbat kontzertu eskaini dituzue. Zer nolako balorazioa egingo zenuke? Pozik zaudete egindakoarekin?
Egia esan, ez genekien zer espero lehenengo diskotik, musika mota hau ez baita hain ohikoa. Jendearen belarrietara helaraztea zen helburua, baina gauza polit asko pasa zaizkigu lehenengo lan honen bueltan.
Akerra gaztetxetik abiatu zen diska eta Aginagan bukatu du bere ibilbidea. Motza dirudien arren, mila bizipenez beteriko bidea izan da. 35 bat kontzertu jo ditugu Euskal Herriko hainbat herritan, bertako jendea eta talde desberdin ugari ezagutu eta Gazte Danbada, Euskal Herri mailako ekitaldi batean jotzeko aukera ere izan genuen. Gainera, bi maketa lehiaketetako finaletan izan gara, EHRZ  eta Gaztea Maketa Lehiaketan. Bigarren honetan, Bilboko BilboRocken jotzera ere iritsi ginen, bertan lagunez inguratuta eta baita telebistan zuzenean ere! Irrati tabernan musika kendu eta telebista jarri den aldi bakarrenetakoa izango zen...telebistaz jarraitu zitekeen saio batean!
Beraz, oso pozik gaude lehenengo lan honek eman duen zukuarekin, esxperientzia ederrak izan dira guzti hauek eta oso aberasgarriak.
Dena den, diskoa ez dugu giltzapean utziko, "Ggillotina" edo "Jjustizia?" bezalako kantak gure bandera bihurtu dira eta beraz, denbora luzez bidelagun izango ditugula iruditzen zaigu.