2014rako ordenantza fiskalak, Patxi Segurolaren estradizioa eta Herriraren aurkako operazioa aztertu dira udalbatzan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 3a, 00:00

Ez ohiko udalbatza plenoa deituta zegoen gaur arratsalderako. Bi puntu zeuden aztergaien artean: “2014rako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartzea” eta “ Patxi Segurola Maioz aginagarraren estradizioa” izeneko mozioa, EH Bilduk aurkeztua.

Lehen puntuari dagokionez, izipide nagusia KPIaren igoera aplikatzea izan da zerga, tasa eta prezio berrietan. Salbuespen edo bereiztu beharreko puntu batzuk egon badira eta horien inguruko xehetasunak eman ditu aditzera Alaiz Aizpuruak, Bilduko zinegotziak. Bozketa garaian, Bildu eta Aralarreko zinegotziek aldeko botoa eman dute eta abstentzioari  heldu dio EAJ-PNVk. PSE eta Hamaikabat-eko udal zinegotziak aurka agertu dira.

 

Patxi Segurolaren estradizioa salatu du udalbatzak

Patxi Segurolaren inguruko mozioan, aginagarraren egoeraren jarraipen estua egitea jasotzen da. Bere estradizioa salatu eta Estatu espainolari eta frantsesari garai berriak kontuan har ditzatela eskatzen zaie. Frantsesari bereziki, “Madrileko politikarekiko daraman lerrokatze sistematikoa hautsi” dezala eskatzen dio EH Bilduren mozioak. Bozketan, Bildu eta Aralarreko zinegotzien aldeko botoekin onartu da mozioa. Hamaikabat, PSE eta EAJ-PNV-k abstentzioari heldu diote.

 

Herriraren aldeko manifestazioarekin bat egin du udalbatzaren gehiengoak

Ez ohiko pleno honen amaieran, ez ohiko eta premiazko beste udalbatza pleno bat deitu da. Bilkuraren premiazkotasuna berretsi dute lehenbizi Bildu eta Aralarreko udal ordezkariek (gainontzeko alderdiek abstentziora jo dute). Ondoren, Herriraren aurka burutu den operazioari buruzko mozioa aztertu dute. “Herri honen gehiengoari eta konponbide prozesuari egiten zaion eraso gisa” jotzen da Herriraren aurkako operazioa. Atxilotutakoen berehalako askatasuna eskatzen da eta “kriminalizatzea helburu izan dezaketen ekimenak bertan behera uztea”. Larunbat honetarako deitua izan den manifestazio nazionalarekin bat egiten da eta alderdi eta eragile denei “prozesuari etengabeko ekarpena egin eta jarrera eraikitzailearen bitartez laguntzea eskatu nahi diogu”. Herriraren inguruko mozioak Bildu eta Aralarren aldeko bozkak jaso ditu, eta Hamaikabat, PSE eta EAJ-PNVren abstentzioa.

Andoni Atxega EAJ-PNVko zinegotziak bere abstentzioa azaldu nahi izan du: EH Bildu eta EAJ-PNVko arduradunak batu dira eta idatzi komun bat adostu dutela esan du, “nik nahiago izango nuke hura aurkeztu izan bazen. Presazko kontua izan denez, adierazi didazue ez dela hona ekartzea posible izan eta horregatik nire botoa abstentzioa izango da”, adierazi du Atxegak.

Alkateak arautegi kontua dela argudiatu dio EAJko zinegotziari. “Arauak ez du onartzen plenoa egiten den egunean beste mozioren bat edo horren ordezkoa aurkeztea. Biana guk ez dugu inolako arazorik hurrengo pleno batean mozio hori aurkezteko. Horrelako ekimenak onak dira gainera, baina une honetan mozio hau mantentzen dugu, manifestazioa larunbatean da eta egoerak eskatzen du horrelako erantzun bat ematea eta hau da gure proposamena”. Bozketan, alde agertu dira Bildu eta Aralar eta abstentziora jo dute oposizioko gainontzeko alderdiek.