Tolosara igandean, Kilometroak jaialdira

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 4a, 00:00

“Ahora!” lemapean ospatuko da igande honetako, urriaren 6ko jaialdia. Tolosan aurten, Laskorain ikastolaren alde. Eta nobedadeekin; Gipuzkoako 21 ikastoletako ikasleak partaide izango dituen abenturazko lehiaketa edota eskaintza ibiltaria ohiko ikuskizun, kontzertu eta jan edanez gain. Egitarau osoa, kilometroak.net atarian duzue. Esparru guztietan euskara erabili ahal izatea aldarrikatu nahi da aurtengoan. Tolosara bertaratzeko garraio publikoa baliatzea aholkatzen dute. Igandeko hitzorduaren ostean, oriotarrek hartuko dute, 2014ko Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia antolatzeko ardura. Eta gogoan izan; 2015ean, Kilometroak Usurbilen. 

6 gune
Tolosatik barrena osatu ahal izango den ibilbideak sei gune izango ditu. Eta tokiotan denetarik. Kontzertuei dagokienean; Gari, Gose, Manent, Gatibu, Hesian, Vendetta, Itziarren Semeak, Laket... Dantza ikuskizunak; Alurr taldekoekin, Axular dantza taldea...Puzgarriak, haur ikuskizunak; Pirritx eta Porrotx, Irrien Lagunak, Txirri, Mirri eta Txiribiton... Eta jatekoa, edatekoa, erosketak egiteko denda...

Eskaintza ibiltaria
Hori guztia egitarau nagusian. Baina oraingoan, eta hauxe da igandeko jaialdiko nobedadeetako bat, eskaintza ibiltaria prestatu dute Tolosan. Gune batetik bestera, kalejiran, mugimenduan ibiliko diren eta ospatuko diren ekitaldiak programatu dituzte antolatzaileek. Hemen ere denetarik; bertso-poteoa, txarangak, erraldoiak eta buruhandiak, dantza-taldeen saioak, dultzaineroak, Pirritx eta Porrotx...

Tolosa euskaltzalez beteko da igandean.