San Praixkuetako egun handia gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 4a, 00:00

Urriak 4 baititu, San Praixku Eguna Aginagan. Goizean meza ostean, hamaiketako ederra dastatzera joango dira jubilatuak, Aginaga sagardotegira. Eta arratsaldean herri kirolak, toka, piper eta sagardo dastatzea eta adi; aginagarrei zuzenduriko deialdi berezia. Frontoi ingurura agertu afalaurretik, argazki bat atera nahi da eta.

Ekitaldiotan batera eta bestera irudiak grabatzen, argazkiak ateratzen eta lekukotzaren bat edo biltzen arituko dira egunotan, Iparraldeko lau lagun; Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Pierre Vissler eta Joanes Etxebarria. Aginaga eta aginagarrak erretratatzera etorri dira. Bertakoekin elkarbiziko dira asteburuan. Eta jaietako ekitaldietan parte hartuko dute; gaurko hitzorduetan eta baita adibidez, biharko oilasko biltzaileen irteeran edota estropadetan. Larunbatean 20:00etan gainera, emanaldia eskainiko dute ludotekan. Aginaga eta aginagarrekin egunotan eginiko lanketaren emaitza, gerora sarean zintzilikatuko dute.

Asteburu bete ekitaldi San Praixkuetan. Denok Aginagara!

HOTZIKARA TALDEA: "AGINAGAKOA EDERRA IZANGO DA `GERO ARTE´ ESATEKO"
Ostiral gau honetan Hotzikarak, Odolaren Mintzoak eta Kroaziako bi taldek joko dute Aginagako San Praixku jaietan. Emanaldi berezia izango da Hotzikarakoentzat. Disko berria plazaratu arte ez baitira zuzenekoetara itzuliko. Hitz hauekin azaldu dizkigute kontzertu bezperan dituzten sentipenak.

Emanaldi berezia izango da San Praixkuetakoa. Lehen diskoaren bueltan eskainiko duzuen azkena. Bolada batean zuek ikusteko azken aukera  izango da beraz, ezta?
Bai, ziklo baten amaiera iritsi dela eta, Aginaga bezalako toki bat ederra izango da "gero arte" esateko.
Kontzertuak alde batera uztea erabaki dugu, azken batean, hauek prestatzeko denborak sormenerakoa murrizten digulako eta astean bi ensaio egiteko aukera bakarrik dugun hontan, denborak urrea balio du!

Disko berri bat grabatzeko kantuak badituzue. Noiz grabatuko dituzue, non eta noiz argitaratuko duzue lan berria?
Kantu sorta bat badugu bai, baina oraindik guztiz finkatzea falta zaigu eta gehiago sortzea gustatuko litzaiguke. Nahi baino motelagoa izaten ari da sormen lana, uste baino kontzertu gehiago izan baititugu azkenaldian. Kanten eraikuntzan denok parte hartzen saiatzen gara eta   honek noski, liskar txikiak dakartza eta prozesuaren moteltzea. Beraz, orain burubelarri sormen lanetan aritzea erabaki dugu.
Oraindik ez dugu finkatu datarik, ez eta tokirik ere. Orain garrantzizkoa dena musika bera da, eta laurok beteta gelditzen garenean hasiko gara epeak jartzen. Ea lagunen presioari eusteko gai garen! :D

Lehen diskoarekin hainbat kontzertu eskaini dituzue. Zer nolako balorazioa egingo zenuke? Pozik zaudete egindakoarekin?
Egia esan, ez genekien zer espero lehenengo diskotik, musika mota hau ez baita hain ohikoa. Jendearen belarrietara helaraztea zen helburua, baina gauza polit asko pasa zaizkigu lehenengo lan honen bueltan.
Akerra gaztetxetik abiatu zen diska eta Aginagan bukatu du bere ibilbidea. Motza dirudien arren, mila bizipenez beteriko bidea izan da. 35 bat kontzertu jo ditugu Euskal Herriko hainbat herritan, bertako jendea eta talde desberdin ugari ezagutu eta Gazte Danbada, Euskal Herri mailako ekitaldi batean jotzeko aukera ere izan genuen. Gainera, bi maketa lehiaketetako finaletan izan gara, EHRZ  eta Gaztea Maketa Lehiaketan. Bigarren honetan, Bilboko BilboRocken jotzera ere iritsi ginen, bertan lagunez inguratuta eta baita telebistan zuzenean ere! Irrati tabernan musika kendu eta telebista jarri den aldi bakarrenetakoa izango zen...telebistaz jarraitu zitekeen saio batean!
Beraz, oso pozik gaude lehenengo lan honek eman duen zukuarekin, esxperientzia ederrak izan dira guzti hauek eta oso aberasgarriak.
Dena den, diskoa ez dugu giltzapean utziko, "Ggillotina" edo "Jjustizia?" bezalako kantak gure bandera bihurtu dira eta beraz, denbora luzez bidelagun izango ditugula iruditzen zaigu.


EGITARAUA
Urriak 4, ostirala: San Praixku Eguna
11:00
 Meza Nagusia bertsolariekin.
Ondoren, jubilatuen hamaiketako bikaina, Aginaga sagardotegiaren eskutik.
17:30 Herritarren arteko herri kirolak, Manuel Mariren kontakizun eta txisteekin.
19:00 Sardina eta sagardo banaketa. Tarte horretan herri argazki handi bat atera nahi da, ez geratu inor etxean.
Bitartean, XXXI. Topa Txapelketa herrikoia.
21:00 Eskupilota partidak eta XI. Eskupilota Txapelketako finala.
Ondoren, kontzertuak Eliza Zaharrean, Hotzikara eta Odolaren Mintzoa taldeen eskutik.

Urriak 5, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00
 Oilasko biltzaileen irteera bazterrak alaitzera. Zahar, heldu eta gazte ondo gosalduta eta txukun-txukun… Animatu aurten aldaketak daude eta!
16:00 Estropadak, VII. Gizonezkoen Aginagako Trainerila Txapelketa.
Ondoren, Zumartxan txarangarekin kalejira erriotik frontoira. 
20:00 Iparraldeko lagunek egindako lanaren erakusketa.
21:30 Herri afaria, Iparraldeko lagunek alaitua.
00:00 Dantzaldia, Ingo al deu taldearen eskutik. 
Eta hortik aurrera, gorputzak eman dezakeena!

Urriak 6, igandea
09:00
 Tiro platoa.
18:00 Herri kirolak, aizkolari profesionalak (Larretxea, Txapartegi eta Olasagasti) eta herritar batzuk. 
Ondoren, I.Tortilla Patata txapelketa eta pintxo potea frontoian.
Bitartean, buruhandiak eta trikitilariak giroa alaituko digute. Aire airee!!!

Urriak 11, ostirala: Umeen Eguna
10:00
 Umeen jolasak.
13:00 Haurrentzako bazkari goxo-goxoa indarberritzeko.
17:00 Puzgarriak.
Ondoren, primerako txokolatada eta buruhandi bizi-biziak. Hasi korrika!!!
19:00 Dj Kankar ume eta ez hain umeak dantzan jartzeko.
21:00 Bertso afaria Eliza Zaharrean, barre pixka bat egiteko aukera giro ederrean. Bertsolariak: Manex Mujika, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”. 
Ondoren, dantzaldia Itzartu taldearekin Eliza Zaharrean.

Urriak 12, larunbata
16:00
 XXXIII. Mus Txapelketa herrikoia. 
18:30 Gorritiren animaliak, ea aurtengoan ere giro polita sortzen dugun.
Gauerdian, Abiba diskofesta.
Ondoren, Dj Larra Eliza Zaharrean.
Aukera bikaina gau guztia dantzan igarotzeko!!!

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.